Pizkunde berri baten hasiera euskara blindatzeko
Euskararen kontrako oldarraldiaren atzean talde antolatua dagoela jarri du agerian 'Argia'-k. Erasorik ez onartzeko eta antolatuta erantzuteko prest dira dozenaka herritar.
CCOO sindikatuaren egoitza aurrean elkarretaratzea, hilaren 13an.Ikerne Zarate Gartziarena Euskararen kontrako erasorik ez dutela onartuko, eta horiei aurre egiteko antolatu eta era bateratuan erantzuteko moduan daudela erakutsi dute Errenteria-Oreretan. 400 lagun elkarretaratu ziren joan den ostiralean CCOO sindikatuaren egoitzaren aurrean. Euskararen kontrako oldarraldiaren testuinguruan, Errenteriako Udalaren Lan Eskaintza Publikoari hizkuntza eskakizunagatik jarritako helegitearen atzean sindikatu hori dagoela erakutsi du Argia-k egindako ikerketa kazetaritza lanak; entzunezko zein idatzizko mezuak jaso ditu komunikabide horrek, eta begien bistan utzi dute horiek Hiztunen Berdintasunaren Alde-Unidas por la Igualdad Linguistica plataforma, Euskara denontzat elkartea daudela, eta azken horren presidente eta CCOO sindikatuko hizkuntza eskakizunen erreferentzia nagusi den Sabin Zubiri izan dela operazio guztiaren pertsona gakoetako bat.
Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeak deitu zuen elkarretaratzea, eta elkarte horrek zein protestara bildutako herritar andanak agerian utzi zuten euskararen kontrako eraso antolatuak eragin duen haserrea eta egonezina. Borja Arbelaitz Villaquiran Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeko ordezkaria da. Denbora luzea dela euskararen kontrako oldarraldiaren lekuko izaten ari direla jarri du nabarmen oreretarrak:”Asko eta asko dira hizkuntza eskakizunak baliogabetzen ari diren epaiak, eta joan den astean jakin genuen [pasa den ostiralean egindako adierazpenak dira] Errenteriako Udalak eten egin zuela LEP Lan Eskaintza Publiko deialdi bat oinarrietan eskatutako hizkuntza eskakizunari jarritako helegitearen ondorioz. Argia-k egindako ikerketa kazetaritza lanari esker frogatu egin da askok susmatzen genuena; lantalde bat dagoela antolatua, ez dela ausaz gertatzen ari den zerbait, estrategia politikoa dagoela atzean”.
Harago jo du Arbelaitzek; arduradun horiek izen-abizenak dituztela erakutsi duelako Argia-ko kazetariek egindako urteetako lanak, “frogatuta geratu da CCOO sindikatuarekin lotura estua eta zuzena daukatela”.
Berriro esan du Arbelaitzek, “denok genuen susmoa antolatua zela oldarraldia, baina nabarmentze honek jauzi bat eragin du gure ustez”. CCOO sindikatuari eskaera zehatz, eta argia Oreretako pizkundetik: “Utz dezala estrategia hori bertan behera, sabotatzen ari direlako euskaldunon, euskal hiztunon hizkuntza eskubideak bermatzea helburu duten prozesuak, beste edozeren gainetik jarrita euren pribilegioak”.
Pribilegio egoera
Euskaldunen hizkuntza eskubideekiko begirunerik eza egotzi die oldarraldiaren atzean ari direnei Arbelaitzek. “Ez bakarrik herritarrekin udalaren zerbitzu hizkuntza izan dadin jarritako oztopoengatik, langileen euskaraz jarduteko eskubidea ere zapuzten ari dira. Azken hori gutxi aipatzen da”.
Udalerriaren errealitate linguistikoari ere erreparatu dio Arbelaitzek. Aitortu du prozesu historiko eta politiko baten ondorioz oso herri erdalduna dela. “Herri mugimenduak lehenik, eta udalak ondoren, erabaki dute herri euskalduna izango garela eta horren aldeko apustua egiten ari gara. Udalaren barne euskalduntzea apustu horren erpinetako bat da, baina argi dago oldarraldiaren atzean dauden horiek ez dutela nahi hori gertatzea”. Euskara erasotzen ari den taldearen justifikazioak ere ezbaian jarri ditu: “Euskararen aldekoak direla eta langileen ustezko eskubide batzuen alde ari direla diote, baina azkenean bilatzen ari direna da euskararen normalizazioa etetea; pribilegio egoera batean daude, eta ez diote uko egin nahi”.
Errenteriako alderdi sozialista ere hizpide Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeko kideak; kritikoa izan da oso. Udalari kargu hartu zion PSE-EEk eta LEPa bertan behera uztearen atzean “EH Bilduren dogmatismoa eta zuhurtziagabekeria” jarri zituen. Bigarren prentsa ohar batean, “euskararen defentsa” ezin dela “pertsonen eskubideen gainetik pasata egin” adierazi zuen PSE-EEk. Zorrotz erantzun dio Arbelaitzek: “Badirudi ahazten zaiela euskaldunok, euskal hiztunok ere pertsonak garela, eta guk ere gure eskubideak baditugula. Antza, gure eskubideek ez dute haientzat baliorik. Egindako adierazpenetan udalari kudeaketa eskasa egotzi zion PSE-EEk, baina erabili zituen terminoak eskandalagarriak izan ziren, hizkuntza eskakizunaren inposaketa, tartean. Oreretan gaur egun hizkuntza bakarra inposatzen da, eta hori hain zuzen ere gaztelania da”.
Antolatzeko deia
Dozenaka herritar atera ziren kalera ostiralean. Errealitatea aurrez aurre jarri zuten, gogorarazteko Errenteria-Orereta Gipuzkoako herri erdaldunenetako bat dela, Donostia, Irun eta Lasarte-Oriarekin batera, “baten bat sentitzen al da harro horretaz? Gu ez!”. Errenteriako Udalean gertatutakoari, eta azken urteetan EAEko beste hainbeste administraziotako hautaketa prozedurei jarritako helegiteei testuingurua jarri zioten. Horretarako Asisko Urmenetaren hitzak baliatu zituzten. Alegia, ez dela hizkuntza bat galtzen ez dakitenek hitz egiten ez dutelako, “haren likidazioa programaturik duten bi estatu etsairen makinariak hiztunak isilarazten dituelako baizik”.
Antolatzeko deia egin zuten azkenik, ezinbestekoa dela iritzita: “Haiek antolatu dira, beraz, gure esfortzuak handitzeko garaia iritsi da. Euskarak etsai gogor askori aurre egin dio. Egingo dugu beste behin. Gaur izan dadila hasera berri bat. Pizkunde berri bat Oreretan”.
Gertaeren kronologia
• Azaroak 12. Errenteriako Udaleko 25 administrari plaza lehiaketa-oposizio irekiaren bidez betetzeko deialdia eta oinarri espezifikoak onartu ziren Alkatetzaren 3199/2025 Dekretuaren bidez.
• Azaroak 18. 2025eko azaroaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren oinarriak, 221. zenbakian.
• Urtarrilak 16. Helegitea jarri zion herritar batek lan eskaintza publikoari (LEP) , jasotako hizkuntza eskakizunengatik; C1 eskatzen zuen udalak lanpostu guztietarako.
• Martxoak 2. LEPa etetea erabaki zuen udalak alkate dekretu bidez. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta azaltzen da egun horretan.
• Martxoak 10. Errenteriako Udalaren lan deialdia euskararen aurkako talde antolatu batek sabotatu duela probatzen duen ikerketa kazetaritza artikulua argitaratu zuen Argia-k, goizean.
• Martxoak 10. CCOOko kideak eta Euskara Denontzat elkartea daudela Errenteriako Udalaren LEParen helegitearen atzean argitaratu zuen Argia-k arratsean.
• Martxoak 13. Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeak deituta elkarretaratzea egin zuten 400 bat lagunek CCOO sindikatuaren egoitzaren aurrean.
