Herri bat, denen neurrira
GÜ Harreraguneak bihar hasiko du bidea Joxepa Antoni Aranberri anitzenearen beheko solairuan, herrira iritsi berriei harrera egiteko.
Bihar zabalduko ditu ateak GÜ Harreraguneak Imanol Saiz Gomez de Segura GÜ Harreraguneak bihar hasiko du bidea Joxepa Antoni Aranberri anitzenearen beheko solairuan, herrira iritsi berriei “kalitatezko” harrera egiteko. Gaur aurkeztu dute harrera zerbitzu berria Badalaben Aizpea Otaegi alkateak, Ignacio Fariña Eusko Jaurlaritzaren Etorkinen Harrera eta Integraziorako zuzendariak, Itsaso Cruz, Kultur Aniztasuneko, Garapenerako Lankidetzako eta Giza Eskubideetako zinegotziak, Maimouna Fofana SOS Arrazakeriako kide eta gaur aurkeztutako zerbitzu berria kudeatuko duenak, eta Samira Goddi Kultur Aniztasuneko, Garapenerako Lankidetzako eta Giza Eskubideetako teknikariak.
Errenteria-Oreretaren kultur aniztasunari keinu egin da hasi du hizketaldia Aizpea Otaegi alkateak, “Europaren isla da gaur egungo Errenteria-Orereta, ia 100 nazionalitateko pertsonak bizi gara udalerrian”. Harago jo du, eta harrerarekin lotutako bide luzea duela herriak soinean gaineratu du alkateak, eta hori horrela, bizikidetza politikak udalaren politika publikoetan “ezinbesteko ardatz” bilakatu direla. Helburua, zehatza, “bizilagun guztien eskubideak bermatzea eta hiritartasun osoa gara dezaten bermatzea eta baldintzak sortzea”. Helburu gehiago ere badituzte, “komunitatea elkarrekin eraikitzea, hurbiltasunetik, eta elkarren aitortzatik”. Etorri berrien txertatze prozesua ahalbidetzeko ezinbestekoa jo du Otaegik harrera egokia egitea, “sinetsita gaude harrera egiteko moduak baldintzatuko duela beraien txertatze prozesua. Egia da harrera errazteko hainbat iniziatiba ditugula martxan, batzuk instituzionalak eta beste batzuk komunitatetik eraikiak, balio handikoak, eta zerbitzu berri honekin, bereziki, arreta jarri nahi dugu prozesuaren hasieran, iritsi berriak diren pertsonen prozesuan, orain arte egin dugun harrera hori hobetuz, sakonago eginez, baita modu pertsonalizatuagoan ere”.
Azken hilabetetako prozesuari begira jarri da ondoren alkatea, “bide pozgarria izan da eta eskerrak eman nahi dizkizuegu prozesuan parte hartu duten eragileei; bide lagun zarete gaur, baina bidelagun izango zarete datozen urteetan ere”.
Fariñak hartu du hitza ondoren, eta nabarmen jarri espazio fisikotik harago, konpromisoa dela gaur inauguratu dutena, “komunitate justuagoa, solidarioagoa, inklusiboagoa eraikitzearekin”. Udalerriari “topaleku” izaera “historikoa” aitortu dio Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, “kultura, hizkuntza eta esperientzia ezberdinak gurutzatu eta elkar aberasten dute”. Iritsi berria izatearen zailtasuna lehen lerroan jarri du, eta zerbitzuak “ate irekia, babesgune izan nahi du baita entzute espazioa, erremintak emateko Errenteria bizileku gisa aukeratu duten pertsonentzat”.
Integrazioa ez dela norabide bakarrekoa erantsi du Fariñak, prozesu partekatua baizik, “herritar guztiek dute egiteko garrantzitsua elkarrekin aniztasunean hezteko”.
Herri bat denon etxe komunikazio kanpainaren leloari erreparatu dio Cruzek, “sinistuta baikaude gure herrira iritsi berriak direnak hartzen ditugun moduak euren ibilbidean eragin zuzena izango duela, ingurune berriarekiko garatuko duten konfiantza, parte hartzea eta atxikimendua. Harrera enpatiko batek ateak irekitzen ditu elkar ulertzerako, bizikidetzarako, eta aukeren gardentasunerako”. Jatorri, hizkuntza eta esperientzia ezberdinak dituzten pertsonen artean loturak sortzeko tokia, horrela definitu du zinegotziak GÜ, entzute aktiboa, errespetua, eta elkartasunean oinarritutako espazioa, “zerbitzu honek etorkizunerako ate bat irekitzen du, aukera bat eskaintzen du ez bakarrik etorri berrientzat, herri osoarentzat baizik, elkarrekin hazteko, ikasteko eta bizitzeko”.
Eskerrak eman dizkie bukatzeko prozesuan parte hartu duten eragileei eta udal langileei, “haien konpromisoa, lankidetza eta eguneroko ahaleginak egin duelako posible hau errealitate bihurtzea”. Puntu horretan aipamen berezia egin die komunikazio kanpainan aritu diren Koldo Mitxelena ikastetxeko hezkuntza komunitateari, Hibaika Arraun Elkarteari eta Lekuona bibliotekari.
Goddik hartu du hitza azkenik zerbitzuaren zehaztasunak emateko. Harrera zerbitzuan udal baliabideen, herrian nahiz inguruan dauden zerbitzu publiko eta entitateen gaineko sarbideen edota herriko bizitzan txertatzeko alor komunitarioko eragile eta entitateen inguruan informazioa emango dute, eta horretaz gain, hamabost fitxa sortu dituzte, berdintasuna, etxebizitza, bizikidetza eta jasangarritasuna, formazioa eta lana, garraioa, gizarte zerbitzuak, haurrak eta gazteak, hezkuntza, hizkuntzak, kirola, komunikazioa eta partaidetza, kontsumo bulegoa eta turismoa, kultura eta artea, osasuna edota herritarren arretaren gainekoak. Fitxa horietara oinarrizko hainbat informazio eta harremanetarako telefono zenbaki eta helbideak bildu dituzte, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, ukranieraz eta arabieraz.
Zerbitzurako hitzordua hartu nahi izanez gero, posta elektronikoz (klik hemen), Kultur Aniztasuneko saileko telefonora deituaz, 943 449 596, edota telefono horretan bertan WhatsApp bidez hartu ahal izango da. Era berean, Errenteriako Udaleko ZU! herritarren arreta bulegoan ere aurrez aurre hartu ahal izango da hitzordua, Udaletxeko eraikinean, zein Aldakonea eraikinean.
Artatze ordutegiak honakoak izango dira: astelehen, asteazken eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara eta, astearte eta ostegunetan 15:00etatik 19:00etara.
