Kirol elkarteei begirako diru laguntzak eskatzeko epea, zabalik
Kirol elkarteek ikasturte honetarako diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dagoela jakinarazi du udalak.
kirol elkarteen diru laguntza eskaera egiteko epea zabaldu du udalak.Izaro Perez Loperena Kirol elkarteek ikasturte honetarako diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dagoela jakinarazi du udalak. Ohiko jardueretarako bai aparteko jardueretarako dira diru laguntza horiek.
Aurten ere badago laguntza lerro bat Errenteria-Oreretan egiten den Eskola Kirolean parte hartzen duten haurrentzat. Laguntza hori familiek ordaintzen duten kuotaren %100 izan daiteke. Laguntza horren xedea da diru laguntzak ematea udalerrian dauden ikastetxeek eta ikasleen guraso elkarteek (IGE) 2025-2026 denboraldian ikastetxeetan antolatzen dituzten eskola kiroleko programetan parte hartzen duten erabiltzaileei. Hau da, 2025eko urriaren 1etik aurtengo ekainaren 30 bitarte egindakoak. Beste baldintza batzuen artean, laguntzak hauek bideratuta daude Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, Gizarte Larrialdietarako Laguntza edo antzeko laguntzak jasotzen dituzten familiei.
Laguntza horiek eskatzeko epea apirilaren 7an bukatuko da familien eskaeretarako, eta uztailaren 31n klub federatuen eta banakako kirolarien ohiko eta ezohiko jardueretarako.
Informazio guztia udal web orrian dago eskuragarri (klik hemen).
Errenteriako Udalak, Kirolak departamentuaren bitartez, 2025eko ekitaldian 313.000 euro bideratu zituen guztira klub, kirol elkarte eta kirolarien artean kirola sustatzeko ekintzetara. Horrek kirolaren alorrean egindako inbertsio ahalegina mantentzeaz gain jarduera fisikoa sustatzearekin duen konpromisoa agerian jartzen duela zehaztu du udalak.
2025ean 23 klub eta kirolarik egindako dirula guntza eskaerak onartu zituen udalak denera; horrekin batera, diru laguntza izenduna emateko hiru hitzarmen sinatu zituen beste horrenbeste klubekin: “Diru laguntza horien bidez kirola praktikatzea sustatu nahi du udalak, baita modalitate ezberdinetako klubak, ikastetxeak, elkarteak edo kirolariak lagundu, emakumeek kirola egitea sustatu, kirol egokituaren bidez aniztasun funtzionala duten pertsonak integratu, eta Errenterian kirol jarduerak garatzea bultzatu ere”.
Lehenengo diru laguntza lerroa kluben ohiko jardueretara dago bideratua eta guztira 37.100 euro bideratu ziren aurkeztutako sei programetara. Bigarren diru laguntza lerroa, berriz, ez ohiko jarduerak, kirol minoritarioak eta kirolariak laguntzera bideratzen da eta guztira 29.000 euro eman zitzaizkien aurkeztutako hamabost programei.
Eskola Kirola sustatzeari begira, Errenteria-Oreretako ikastetxeek guztira 106.646,08 euro jaso zituzten eskola kirolaren egiturak sortu eta kudeatzeko eta monitoreak kontratatzeko. Udalak jakinarazi du halaber, finantzatu egin duela eskola igeriketa kanpaina ikasturte honetan ere, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei bideratutakoa. Kanpainak 18.500 euro inguruko kostua du eta Errenteria-Oreretako ikastetxe guztiek parte hartu dute bertan; guztira 289 ikasle aritu dira igeriketa programan aurten.
Horretaz gain, diru laguntza nominatiborako hitzarmenak sinatu dituela Errenteria-Oreretako hiru klubekin azaldu du, —EPLE, Mindara eta Hibaika Arraun Elkartea—, “Azpimarratzeko modukoa da Mindara Elkartearekin sinatu den hitzarmena, kirol egokitua eta elkartearen jarduerak sustatzeko”.
Errenteriako Udalak denboraldi osoan zehar mantendu duela aldaketarik gabe udal kirol instalazioen doako erabilera azaldu du azkenik, ekipo federatu zein ikastetxeentzat, entrenamenduak egin eta lehiaketa eta lagun arteko txapelketetan partida ofizialak jokatzeko. Horretaz gain, atal horretan txertatu du Galtzarabordako Udal Kiroldegiaren instalazioen doako lagapena Beti Bizkor erretiratuen elkarteari, “denboraldian zehar gimnasia aktiboko programak egin ditzaten”.
