24. Korrika: nork hartuko du lekukoa Lezon?
Biharko (hilak 25, asteazkena) 06:48an iritsiko da Gaintxurizketara 24. Korrika. 41 minutuan zeharkatuko du herria.
Tio Teronen Semeak dantzarien taldeak hartuko du lezoarren azken lekukoa. Irudia 23. Korrikakoa da, 2024koa. Hemen da 24. Korrika. Joan den asteko ostegunean Atharratzen (Zuberoa) hasi zuen bidea AEKren sostengurako martxa erraldoiak, eta heldu da lezoarrek lekukoa hartzeko unea. Bihar (hilak 25, asteazkena) jasoko du herriak Korrika, 06:48an, Gaintxurizketako biribilgunean. Handik aurrera 41 minutu egingo ditu Lezon, unibertsitateko hamahiru kilometro zeharkatuko ditu, eta lekukoaren eramaileak ere asko izango dira, hemezortzi osotara. Erne: gaur (asteartea) 15:30ean hasita Korrika Txikia izango da herrian.
Gaintxurizketatik herrigunerantz egingo du 24. Korrikak Gi-2638 errepidetik Elias Salaberria hiribidera iritsi arte. Handik Jaizkibel hiribiderako bidea hartuko du (Bekoerrota kiroldegirantz) Altamirako biribilguneraino iritsi arte; hortik Polentzarrene kalera jauzia egingo du martxak Andreone liburutegira iritsi arte. Bertan, eskuinerantz egin, eta Kale Nagusitik Gurutze Santuaren plazaraino helduko da 24. Korrika, Zubitxo kaletik jaitsi, eta berriz ere Jaizkibel hiribidea hartzeko Donibanerantz. Termika zenaren parean emango diote lekukoa lezoarrek sanjuandarrei.
Gaintxurizketan harrera handia egin nahi diote 24. Korrikari. Horregatik, Lezoko Korrika Batzordeak autobusak antolatu ditu hara joateko: bi bidaia egingo ditu hara iristeko. Irteerak Lezo Institutura igotzeko erabiltzen den autobus geltokian izango dira, 06:00etan eta 06:15ean.
Bide horretan guztian, honakoak dira lekukoa hartuko duten herriko eragileak:
- 1.593 kilometroa (06:48). Lezoko Eroski, Sats Herri Kirol Taldea, eta Larun Berri harategia.
- 1.594 kilometroa (06:52). Lezoko EH Bildu eta Oroitzene AEK.
- 1.595 kilometroa (06:55). Gaintxurizketako Auzo Elkartea.
- 1.596 kilometroa (06:58). Bidean garraioak.
- 1.597 kilometroa (07:02). Munttar Txistulari Taldea eta GKS.
- 1.598 kilometroa (07:05). Tiñelu elkartea.
- 1.599 kilometroa (07:08). Xoxolur Mendi Kluba.
- 1.600 kilometroa (07:12). Lezoko Hezkuntza Publikoa.
- 1.601 kilometroa (07:15). Txerrimuño.
- 1.602 kilometroa (07:18). Lezoko Udala
- 1.603 kilometroa (07:22). Iruntzen Emakume Taldea eta Lezoko Udaleko langileak.
- 1.604 kilometroa (07:25). Errota Guraso Elkartea.
- 1.605 kilometroa (07:29). Tio Teronen Semeak.
Udalaren lekukoa, herritarrentzat
Lezoko Udalak beti bezala kilometroa erosi du. Aurten, baina, hori herritarrek eramatea erabaki du, eta lekukoa eramateko interesa agertu dutenen artean (izen-emate bidez) zozketa egin du: June Romero Lizarazu eta Danel Rebollo Ramos izan dira zortedunak, eta haiek Mikel Arruti Salaberria alkatearekin batera eramango dute udalari dagokion kilometroan lekukoa, 1.602 kilometrokoa hain zuzen.

June Romero Lizarazu eta Danel Rebollo Ramos, Mikel Arruti Salaberria alkatearekin. Argazkia: Lezoko Udala.

Korrika pasata ere, Korrika gehiago Lezon
24. Korrika Lezotik bihar (asteazkena) pasako bada ere, Lezoko Korrika Batzordeak antolatutako egitaraua ez da hor bukatuko. Jarduera dezente daude datozen egunetarako. Honakoak dira:
Hilak 26, osteguna
- 11:30ean, termika zenetik hasita, adinekoen Korrika edo Dinokorrika.
Hilak 27, ostirala
- 12:00etan, Lezo Institututik eta Pasaia-Lezo Lizeotik, Korrika Gaztea
- 19:00etan, Faktoriak eta Kuadrillategik antolatua, Mihiluze jolasa
Hilak 28, larunbata. Lezoko Korrika Eguna.
- 10:00etan, txistularien diana.
- 11:00etan, Korrikaren kantaren koreografia tailerra Karlos Saldisen.
- 12:00etan, haurrentzako herri kirolak Karlos Saldisen.
- 14:00etan, herri bazkaria Karlos Saldisen. Txartelak Oroitzene AEKn eta Tiñelun salgai.
- 16:00etan, bingo musikatua Karlos Saldisen.
- 17:00etan, Kuadrillen Arteko III. Sokatira Txapelketa Karlos Saldisen.
- 18:00etan, txarangarekin kalejira.
