[Lekukoaren eramaileen argazkiak] 24. Korrikari bultzada ederra eman dio Oiartzunek
Gauean izan bada ere, 24. Korrikak arrasto sakona utzi du Oiartzunen; oiartzuarren ekarpena ere izugarri handia izan da.
Emozioa. Irrika. Malkoren bat. Irribarre eta besarkada asko. Euskara. Horiek guztiak utzi ditu 24. Korrikak Oiartzunen egin duen zeharkaldiak. Ordubete eta zazpi minutuko bidea egin du gaur (hilak 24, osteguna) goizaldean AEKren sostengurako eta euskararen bultzadarako martxa erraldoiak. 02:51etik 03:58ra bultzada ederra eman diote oiartzuarrek 24. Korrikari bere bidea indarrez segi dezan. Herritarrek errepide ertzetik argidun furgonetak ikus dituztenean ia kontrola ezina izan zaizkien gorputz mugimenduei ekin diete auzoz auzo loa galtzen izan direnek; lo egiteko orduak galdu, bi urtean behin sentitu eta betirako gordeko den emozioa irabazteko.
Astigarragatik sartu da herrira 24. Korrika herrian. Lehen lekukoa Tajo kooperatiba elkarteko langileek zein Niessengo langileek, hartu dute. Ondoren honakoak izan dira lekukoen eramaileak: La Casa del Cafe eta Carrefourreko langileak, Artaso kultur eta kirol elkartea, Auzokalte elkartea, Girizia elkartea, Biyurrienea gazte elkartea, Oiartzun Kirol Elkartea, Oiartzungo Feministen Asanblada, Ugaldetxo kultur taldea, Aldeguna gizarte ekintza elkartea, Gazte Izanak Oiartzungo jubilatu eta pentsiodunen elkartea, Labore Oarso, Iturri-Berri elkartea, Santiyuk Iturriotz festa batzordea, Altzibarko festa batzordea, Elizaldeko Hezkuntza komunitatea, Euskal pilota selekzioaren Oiartzungo ordezkariak, Intxixu AEKko ikasleak Oiartzungo Udala, Haurtzaro Ikastola, Oiartzo Ikastola, Killirikupe, Miren Taberna areto futbola, Bizardia kultur eta kirol elkartea, EH Bildu Oiartzun, Oiartzungo ezker abertzalea eta Oiartzungo Sare.
Gurutze auzoa pasata irundarrei eman diete lekukoa oiartzuarrek. Pasa da 24. Korrika. Zirrarak betirako iraungo du. Emozio hori betikotu dadila euskararen bidez.
Honakoak herrian lekukoa eraman dutenen argazkiak dira, AEK-ri esker 24. Korrikaren webgunetik hartutakoak. Bideoa Allende Arnaiz Garmendiak jasotako irudiei esker osatu du HITZAk. Gozatu!
