Mineralak, fosilak eta dinosauroak nagusi Luberri museoan
Pazko Astean mineralen eta fosilen tailerrak egingo dituzte museoan. Maiatzaren 16an, baina, Errioxako Igea herriko interpretazio zentro paleontologikora joango dira.
Luberri museoak urteko zenbait egunetan antolatzen ditu jarduerak, baina jaiegunetan edota oporretan ekitaldi bereziak egiten dituzte. Noski, oraingoan ere ez da gutxiagorako izango, jakinarazi baitute apirilaren 8an eta 10ean zenbait jarduera egiteaz gainera, maiatzean Igeara (Errioxa) joango direla.
Pazko Asteari dagokionean, mineralen tailerra eta fosil tailerra egingo dituzte. Lehena apirilaren 8an izango da, eta egun horretan mineralen tailerra egingo dute 8 urtetik gorako biztanleentzat. 11:00etatik 13:00etara izango da saioa, eta bi zatitan banatuko dute: lehen zatian mineralak zer diren eta zein erremintaren bidez identifikatu daitezkeen ikasiko dute parte hartzaileek. Bigarrenean, berriz, identifikazio jolasa egingo dute, eta zati horretan mahaietan dauden mineralak banan banan identifikatu beharko dituzte.
Fosil tailerra da Luberri museoak Pazko Astean familiei begira antolatu duen beste jarduera, eta horretan bost urtetik gorako pertsonek hartu ahal izango dute parte. Egun horretan bi txanda egingo dituzte, 11:00etan eta 16:00etan, eta hori ere bi zatitan banatuko dute. Hartara, lehen zatian azalpenak emango dituzte, eta bigarren zatian benetako fosilen moldeekin igeltsuzko fosil bat sortuko dute.
Luberritik Igeara
Pazko Astean egingo dituzten egitasmoez gain, Errioxara irteera egingo dute maiatzaren 16an (larunbata). Zehazki, Igea herrira joango dira egun pasa egitera, betiere geologia eta paleontologia ardatz izanik.
Bidean Luberri museoaren eskutik geologia azalpenak jasoko dituzte, eta bertara iristean Igea Interpretazio Zentro Paleontologikoa bisitatuko dute. Han, dinosauroei buruzko ikerketaren gaur egungo egoera zein den kontatuko dute, eta Riojavenatrix lacustris espinosaurido sailkatu berriari buruz hitz egingo dute. Gero, Los Cayos iknita aztarnategia bisitatuko dute, eta enbor fosilizatu bat ere ikusiko dute.
Autobusez joango dira Igeara, eta prezioa 30 eta 35 euro artekoa izango da. Oiartzundik 8:00etan abiatuko dira, eta Donostiako Anoeta Pasealekuko 5. zenbakian ere igotzeko aukera egongo da. Irteera horretarako izena eman behar da 943 26 05 93 zenbakira deituta edota mezu elektroniko bat bidalita.
Euskal Herrian dinosaurorik egon al zen?
Dinosauroen alorrean sakontzen jarraitzeko, apirilaren 18an, 11:00etan, Luberri museoan Euskal Herrian dinosaurorik egon al zen? hitzaldia emango dute. Gainera, hitzordu horren amaieran Errioxako irteeraren inguruko zenbait datu emateaz gain, inskripzioa egiteko aukera ere egongo da.
