Etorkizuna ziurtatuta du euskarak
Goizean Beraunen egin bezala, arratsaldean Erdialdea hartu du Korrika Txikiak.
Korrika Txikian dozenaka haur aritu dira. Goizean Beraunen egin bezala, arratsaldean Erdialdea hartu du Korrika Txikiak. Hainbat zutabe abiatu dira puntu ezberdinetatik lekukoa eskutan, Koldo Mitxelena Herri Eskolatik abiatu dira ikastetxe horretakoak, Lanerako parketik Bizarain ikastolakoak, Telleri Alde ikastetxetik Tellerikoak, Ikutza kortsarioa kaletik Cristobal Gamongoak, Zamalbideko egoitzatik Orereta Ikastolako Lehen Hezkuntzakoak, auzo horretatik ere Egiluze ikastetxekoak, eta Orereta Ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleak berriz, Koldo Mitxelena plazatik.
Dozenaka eta dozenaka haur euskararen alde korrika, eta mezu bat kalerik kale: “Euskara gara”. Gaurko konpromiso hori egunero mantentzea, euskara elikatzea tokatzen zaie orain, eskolan, lagunartean, jolasean, etxean, baita ametsetan ere. Oraina badu euskarak, eta gaurko Korrika Txikiak etorkizuna ere baduela argi utzi du.
Lanak eginda dantzaren txanda heldu zaie. Ikastetxe guztietako ikasleek bat egin dute Agirre lehendakariaren plazan eta bertan musika emanaldiaz gozatu dute.
