"Jarrera oldarkorren aurrean, ahizpatasuna eta zaintza nagusitu da"
Oiartzungo Feministen Asanbladak eskerrak eman dizkie epaiketako bi egunetan babesa erakusteko Donostiara bertaratu diren herritar guztiei.
Oiartzungo Feministen Asanbladak Donostiako epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzeko irudi bat. Oiartzungo Feministen Asanblada Atzo izan zen Irungo ikastetxe bateko irakasle oiartzuar baten aurkako epaiketaren bigarren saioa, Donostian. Beste eragile batzuek bezalaxe, Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea egin zuen astelehenean –epaiketaren bezperan– sexu abusuak edota jazarpen egoerak jasan dituzten emakumeei babesa adierazteko.
Hori, baina, ez da izan emakumeei babesa adierazteko egin duten keinu bakarra, atzo eta herenegun Donostiako epaitegiaren aurrean elkartu baitia zera zioen pankarta baten atzean: Guk sinesten dizuegu, zuekin gaude! Erasotzaileak sutara!
Zenbait herritar izan dira Donostian elkartu direnak, eta Oiartzungo Feministen Asanbladak eskerrak eman dizkie bi egun horietan elkarretaratzeetara bertaratu diren guztien babesagatik, “jarrera oldarkorren aurrean, ahizpatasuna eta zaintza nagusitu da”, diote.
Argi dute, bada, nor babestuko duten: “Argi eta garbi esango dugu: sarea da gure indarra eta guk erasotuak sinesten ditugu! Zuekin gaude!”.

