Musika, dantza, festa eta judoa Elizalderen eskutik
Bihar (hilak 27) 'Koloretako sustrai' abestiaren estreinaldia egingo dute Doneztebe plazan, eta igandean, berriz, judo erakustaldia izango da.
Irati Matelo eta Karmele Mitxelena, Oiartzun Irratian. Oiartzun Irratia Mendi erdi egin du Oiartzungo Elizalde eskolak, eta ikasturte hasieran iragarri bezala, ereindako ibilbide hori ospatzeko egitaraua ondu dute. Nesken herri kirol erakustaldia egin zuten hilaren 8an, eta orain beste bi hitzordu antolatu dituzte: Koloretako sustrai abestiaren estreinaldia eta judo erakusketa.
Abestia bihar (hilak 27) estreinatuko dute Doneztebe plazan, 17:00etatik aurrera, eta arratsaldea goxo hasteko txokolatea hartzeko aukera izango dute herriko haurrek. Behin barruak berotuta, 50. urteurreneko abestiaren eta koreografiaren aurkezpen ofiziala egingo dituzte. Pausoak eta dantza Elizaldeko dantza taldeak sortu ditu egun horretarako, eta abestia, berriz, eskolako ikasle ohi eta sortzaileek egindako lanaren emaitza da. Zehazki, Karmele Mitxelena Etxebeste, Irati Matelo Mitxelena, Eneko Lusar Garcia eta Igor eta Mikel Eceiza Cameanen lanaren emaitza da Koloretako sustrai.
Abestiaren eta dantzaren ondotik, DJ emanaldia izango da haur eta nerabeentzat. Gainera, Elizaldekoek jakinarazi dute merchandising produktuak eskuratzeko aukera egongo dela arratsalde osoan zehar.
Bestalde, igandean (hilak 29) esker oneko judo erakustaldia egingo dute. 10:00etan hasiko da hitzordua, eta Elorsoro kiroldegian egingo du saioa Elizaldetarrak Judo elkarteak.
Gainera, antolatzaileek azpimarratu dute ekitaldi horrek “karga sinboliko eta historiko handia” duela, 80ko hamarkadan –elkartearen hastapenetan– Elizaldek bere gimnasioa utzi baitzien judokei. “Erabaki hura ezinbestekoa izan zen judoa herrian zabaldu eta egonkortzeko, eta harrezkero, oiartzuar judoka paregabeak atera dira bertatik. Erakustaldi horrekin, eskolaren eta kirol elkartearen arteko lotura historiko hori balioan jarri nahi da”, diote.
Elizalde Eskolaren 50. urteurreneko koordinazio batzordeak herritar, ikasle, ikasle ohi eta familia guztiak gonbidatu ditu bi ekitaldi horietan parte hartzera eta “mende erdiko habia hau elkarrekin ospatzera”.
Koloretako sustrai proiektuaren inguruan hitz egiteko, Oiartzun Irratian izan dira David Muñoz, Irati Matelo eta Karmele Mitxelena.
