Olatzarren babes ofizialeko etxebizitza berriak nahi ditu EAJk
Olatzarreko lursail librea etxebizitza babestuak sustatzeko baliatzea proposatu dute jeltzaleek.
Olatzarren bukatzear dauden etxebizitzak.EAJ Olatzarren babes ofizialeko etxebizitza berriak aktibatzea nahi du Lezoko EAJk. Hala jakinarazi du helarazitako prentsa ohar bidez, nabarmenduta etxebizitza eskuratzea arazo nagusietako bat bihurtu dela Lezoko bizilagun askorentzat, “eskaintza eskasiak eta emantzipatzeko zailtasunak bereziki eragiten diete gazteei eta bizi proiektua Lezon garatu nahi duten familiei”.
Aterabidea babes ofizialeko etxebizitza berriak eraikitzea dela sinistuta azaldu da alderdi jeltzalea eta ildo horretan, Olatzarren dagoen lursail librea “aztertzea eta aktibatzea” proposatu du, harentzat, lur zoru hori “funtsezko tresna” bihurtu baitaiteke “etxebizitza merkatuan egun dagoen presioa arintzeko”.
Alkatetzan den EH Bilduri “ekimen falta” egotzi dio: “Gaur egun Lezon diren babes ofizialeko etxebizitza guztiak EAJk bultzatutako proiektuak dira. Altzateko babes ofizialeko etxebizitzak talde jeltzaleak udal gobernuan izan zen bitartean proposatu eta landu ziren. Gobernuan ardura izan dugunean, frogatu dugu etxebizitza babestu erreal eta eraginkorra bultzatzeko gai garela. Gaur egun Olatzarren egiten ari diren etxebizitza babestuak ere gure taldearen lanaren emaitza dira”.
Tentsio handiko eremu
Joan den otsailean onartu zion Eusko Jaurlaritzak tentsio handiko eremu izaera Lezori. Hori gertatu ahal izateko baldintza zehatzak bete behar dituzte udalerriek, eta aurre lanketa bat egin diagnostiko zehatza izan eta hiru urterako etxebizitza plan bat garatzeko. Lezoko udalak badu berea.
Besteak beste, hiru urteko epean —iraupen hori du tentsio handiko eremu izendapenak, berritzeko aukerarekin— 158 etxebizitza babestu eta zuzkidura bizitoki berriak sustatzea aurreikusi du udalak egin duen etxebizitza planean. Batetik, udaberrian dira bukatzekoak Olatzarreko 33 babespeko etxebizitzak, nahiz tasatutako 24ak. Gainera, izendapena jasotzeko unean jakinarazi zuen Mikel Arruti alkateak, Olatzarren beste 33 etxebizitza babestu egingo direla, eta Isastin beste hamasei; azken horien kasuan, promotorearekin aztertu behar dutela zein izaerakoak izango diren adierazi zuen orduan Arrutik. Halaber, Aralar kaleko gazteentzako zuzkidura eta alokairuzko 52 apartamentuak desblokeatzeko bidean direla esan zuen alkateak.
