Energia burujaberantz, urratsak Pasaian
Gipuzkoako Foru Aldundia, Pasaiako Udalarekin lankidetzan, Pasaian energia komunitate baten sorrera bultzatzen ari da, herritarrei irekitako hiru dinamizazio saio antolatuta.
Energia komunitate bat pertsonak, enpresak edota erakundeak elkartu eta energia sortzen dutenean eratzen da, ondoren energia hori elkarren artean elkarbanatzeko. Gaur-gaurkoz, Pasaiak ez du energia komunitaterik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuko Energia Eraldaketarako Bulegoa, Pasaiako Udalarekin lankidetzan, Pasaian energia komunitate baten sorrera bultzatzen ari da, herritarrei irekitako hiru dinamizazio saio antolatuta. Saio horien helburua izan da «herritarrak aktibatzea, energia komunitateen inguruko informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea eta Pasaian energia komunitate bat sortzeko nahia piztea». Azken saioa atzo (osteguna) izan zen, San Pedroko Udal Aretoan, eta horietan guztietan izan da Joana Auzokoa Larrea Pasaiako Udaleko Ingurumen teknikaria.
Mota horretako komunitate bat martxan jartzeko, Auzokoak adierazi du lehenengo urratsa «gizartea aktibatzea» dela, sortze prozesu hori abiarazteko nahia azaldu behar baita. Ingurumen teknikariak baietsi du energiaren arloan ezagutza duen norbait egotea komeni dela. Figura hori ez badago, beste aukera bat energian aditua den enpresa bat kontratatzea dela zehaztu du Auzokoak, enpresa horren laguntzarekin sortzeko energia komunitatea. Bide horretan, gainera, Pasaiako Udala prest dago energia komunitatearen sorkuntza prozesuan bidelagun izateko eta enpresa aditu horren kontratazioa beregain hartzeko. Izan ere, udalak diru partida bat du gordea hori bultzatzeko, «baina horretarako beharrezkoa da herritarrak aktibatzea eta nahi hori izatea».
Energia komunitateak martxan jartzeko, gainera, diru laguntzak daude. Horiek aldundiak, IDAEk eta EEEk kudeatzen dituzte, eta laguntza horiei esker energia komunitatea sortzeko prozesua eta proiektuak %75era arte finantza daitezke. Energia komunitate gehienek energia sortzeko puntuak jartzen dituztela jakinarazi du Auzokoak, eta gehienek instalazio fotovoltaikoak ezartzen dituztela. Hala ere, komunitateek beste gai batzuk ere jorra ditzaketela baietsi du Ingurumen teknikariak: «Adibidez, energia aholkularitza zerbitzua eman dezakete herritarrek beren fakturak hobeto ulertzeko, mugikortasun elektrikoa eta partekatua ere bultza dezakete, sortutako energia biltegiratu dezakete ondoren kontsumitzeko, edota sentsibilizazio eta formazio saioak antolatu komunitatea sortu eta herria aktibatzeko».
Askotariko onurak
Behin energia komunitatea sortuta, komunitate bakoitzak ezartzen du zein izango den funtzionatzeko modua, eta hori beren estatutuetan jasotzen dute. Aukeratzen den formula juridikoak ere funtzionamenduan eta kudeaketan eragina izango duela nabarmendu du Auzokoak. Energia komunitate batek, gainera, «askotariko» onurak dakartzala aitortu du Ingurumen teknikariak: «Lehenik eta behin, burujabetza energetikoan aurrerapausoak ematea ahalbidetzen du, herritarrak ahaldundu egiten ditu eta energiaren sorkuntza deszentralizatzen du». Abantaila horiez gain, energia berriztagarrien erabilera sustatzen dute komunitateek, «faktura elektrikoan %25-30eko aurrezpena lortuz». Trantsizio ekologikorantz ere urratsak egiten dituzte, «zaurgarritasun energetikoari aurre eginez». «Onura horiek guztiak garrantzitsuak dira egun bizi dugun krisi energetikoari aurre egiteko», adierazi du Auzokoak.
Ingurumen teknikariak jakinarazi du energia komunitateetan edonork har dezakeela parte, baina energia hori sortzen den puntutik 2 kilometroko erradioan kokatuta dauden bazkideek soilik autokontsumitu dezaketela sortutako energia. Hau da, erradio horren barruan kokatuta dauden pertsonak soilik izan daitezke kontsumitzaile. Pasaiaren kasuan, udal estalkien inguruko azterketa bat egin du udalak, eta ondorioztatu du aukera dagoela instalazio fotovoltaiko bat jarri eta udalerriko ia etxebizitza guztiak hartzen dituen kokapen bat izateko: Antxoko Don Boscoko ur deposituaren estalkia. Trintxerpe goialdeko eta Azkueneko etxebizitza batzuk kenduta, Pasaiako gainontzekoak onuradun izan litezkeela zehaztu du Auzokoak.
Udalak ere energia komunitateen parte izan daitezkeela baietsi du Ingurumen teknikariak. Pasaiako kasuan, udalak autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak ditu ezarrita, eta eguneko demanda ase egiten du horiei esker. Orain, beste bide batzuk esploratu behar dituela nabarmendu du Auzokoak, energia berriztagarrien gaueko kontsumoa, neurri batean behintzat, asetzeko. Edozein kasutan, eta aurrez aipatu bezala, udala prest dago, herriak energia komunitate bat sortzeko nahia izango balu, prozesu horretan bidelagun izateko. «Alde batetik, udala prest legoke sorkuntza prozesua gidatuko lukeen enpresa aditua kontratatzeko eta, bestetik, instalazio fotovoltaikoa jartzeko teilatua lagatzeko», esan du Auzokoak.
