Laudioko ahotsak Lesoinurako
Arabako herriko ArteOn abesbatzak 'One' musikala eskainiko du bihar (larunbata) 19:00etan Gezala Auditoriumean.
ArteOn abesbatzako kideak.ArteOn / Facebook Aste bizi-bizia izan du Lesoinuk. Astean zehar bi kontzertu didaktiko (asteartean eta ostegunean) eskaini dizkiete Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek herriko ikastetxeetako ikasleei, musika eta zinemaren gaineko tailerra eman zuen asteazkenean eskolan bertan Aitor Amezagak, eta gaur goizean Lezoko musikariak ipuin musikala eskaini diete musika eskolako ikasleek, hezkuntza zentroetako ikasleei. Baina Lesoinuk badu gehiago: bihar (hilak 28, larunbata), Laudioko (Araba) ArteOn abesbatzak emanaldia egingo du Gezalan.
Musikala da Laudioko abesbatzak Lezora bihar ekarriko duen ikuskizuna. 2013an sortutako korua da ArteOn, eta Imanol Ganboa dute zuzendari. Eskarmentu handiko taldea da, hainbat herritan emankizunak eskaini dituztelako, eta gainera, elkartasun kontzertuak ere eman dituzte musikak eta inguruko komunitateak bat egin dezaketela sinetsita.
One musikalarekin izango dira arabarrak herrian. Abesbatzaren proiektu berezienetako bat da, Istorio original bat kantuaren, dantzaren eta antzezpenaren bitartez kontatuko dute.
ArteOn-ena 40. Lesoinuren azken aurreko saioa izango da. Azkena maiatzaren 9rako aurreikusi dute: Nafarroako Irurtzun abesbatzak kontzertua emango du 19:00etan hasita Gezalan.
