Zortzi urte pasa badira ere, pozik oraindik
Lezoko loteria salmenta establezimenduak Loteria Primitiboaren 1.448.062 euroko saria eman zuen 2018ko martxoaren 29an. Ondo gogoan du bizitako hura Margarita Mujika Garmendia establezimenduaren arduradunak.
Margarita Mujika Garmendia, eman zuen sariaren kartelarekin. Udaberriko opor betean zen Lezo. Aste Santua zen. Martxoak 29, osteguna. Primitibaren zozketa egin zen 2018ko egun hartan. Biharamunean, berria: Lezoko Donibane kaleko loteria administrazioan zigilatutako txartel batek sari potoloa lortu zuen: 1.448.062 euro. Baina, nori egokitu zitzaion saria? Galdera hori egin zion erreportaje hau sinatzen duenak orduko hartan administrazioko arduradun Margarita Mujika Garmendiari. Astelehenean (hilaren 23an), data horretatik ia zortzi urtera, galdera berbera jaso zuen administrazioan bertan. Hark burua ezker-eskuin mugituta eman zuen erantzuna. «Ez dakit nor den».
«Oso zaila izaten da horrelako sariak ematea. Administrazio txikia gara. Zortea izan genuen, eta eman genuen. Inoiz eman dugun saririk handiena izan da. Sekulakoa izan zen hura, eta ondorengo egunetan bizi izan genuena», azaldu du irribarrea apaldu ezinik Mujikak. «Sariren bat eman dugunean jakin izan dugu nori egokitu zaion. Baina 2018ko Aste Santuko kasu hori berezia da. Gaur arte ez dugu jakin nork egin zuen txartela gurean. Beraz, ez dugu oraindik ere esker on bonboirik edo xanpainik jaso», barrez, Mujikak. Poztasun egunak izan ziren harentzat eta arratsaldetan saltokiaren ardura duen lankidearentzat. Sariak emateko egiten baitute lan.
2018ko egun horietan Lezo erdia beste erdiari begira jarri zen. Kalean ez zen beste komentariorik. Nori tokatu zaio?, galdera. Izan ziren herritarrak, egunek aurrera egin ahala, ezustean gama altuko autoren bat erosi zuen herritarren bat ikusiko ote zuten atzeman nahian; edo opor bidaia luzea egin zuen baten bat ere izan zuten aztergai, ea hura izan ote zen zorteduna. «Baina hona, lezoarrez aparte, inguruko herrietako jendea ere badator txartelak zigilatzera, errenteriarrak edo sanjuandarrak adibidez. Beraz, balizko irabazlearen jatorria askotarikoa izan daiteke», zehaztu du.
Ospea eta lagunartea
Egun berezi eta pozgarriak izan ziren Mujikarentzat 2018ko martxo-apiril arteko horiek. Hedabideak etorri ziren Lezora esklusiba kubritzera. Dei asko erantzun zituen, elkarrizketa dezente egin zituen. Bezeroen emariak ere nabarmen gora egin zuen Donibane kaleko saltokian. Dei efektua omen, zorteak eta diruak eman dezakeen zorionaren bila. Desio bat du, ordea: «Nire pena da oraingoz hemen dugun lezoarren lagunarte edo peñari ez diodala sari handirik eman. 175 bat kidekoa da. Haiei saria ematea bai gozamena!».
