EAJk positiboki baloratu du OHZren erreforma
EBOH figura OHZn txertatzeak Pasaiako portuaren eta Hondarribiko aireportuaren inguruko udalerriak konpentsatuko dituela adierazi du alderdi jeltzaleak.
EAJko Errenteria-Oreretako, Lezoko, Pasaiako eta Hondarribiko udal taldeetako bozeramaileek, Elixabete Muruak, Laura Martinezek, Loreto Osak eta Gonzalo Carrionek “oso balorazio positiboa” egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean Ogasun eta Finantzetako Itziar Agirre foru diputatuak aurkeztu duen Ondasun eta Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) erreformaren inguruan.
Lau udal ordezkariek nabarmendu dute arau aldaketa horrek Pasaiako portuaren eta Hondarribiko aireportuaren inguruko udalerriak konpentsatuko dituela. Bozeramaileen ustez, neurri hori “aurrerapauso garrantzitsua” da justizia fiskalaren arloan, “azpiegitura horiek hartzen dituzten udalerriek jasaten duten errealitatearekin bat datorren zerga konpentsazioa jasotzea ahalbidetuko du”.
Erreforma horrek Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen (EBOH) figura txertatzen duela jakinarazi du EAJk, eta horrek aukera emango du portua eta aireportua kategoria horren barruan sailkatzeko. Gauzak horrela, lau udalek azpiegitura horietatik eratorritako zerga sarrera osagarriak jaso ahal izango dituztela aurreratu du alderdi jeltzaleak, eta horren bidez, tokiko finantzaketa indartu egingo dela, “herritarren onurarako”.
EAJren aburuz, neurriak “aurrerapauso esanguratsua” dakar azpiegitura estrategiko horiek sortzen duten lurralde, ekonomia eta gizarte pisuaren aitortza instituzionalean. “Gipuzkoakoa Foru Aldundiaren jarrera eskertzen dugun arren, pena ematen digu EH Bilduko alkateek talde guztien aldarrikapen historiko batez eta aldundiak egindako lanaz eta apustuaz jabetu izana. Nolanahi ere, garrantzitsua da gure udalerriek jaso ahal izango duten konpentsazioa, eta horretarako beharrezkoa izango da udal gobernuak prest egotea neurria 2027ko Zerga Ordenantzetan txertatu behar denean”, adierazi du alderdi jeltzaleak.
Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak OHZren proiektua zerga horren araudia eguneratzen duen erreforma baten bidez aurkeztu du. Berritasunen artean EBOHren figura txertatu da. Honakoa aldundiak legegintzaldi honetarako egin duen arau proposamenean jasotako aldaketa da, eta horren bidez “bete egiten da azpiegitura berezi horien tratamendu fiskala berrikusteko hartutako konpromisoa”.
Arauaren onarpena ekaina bukaeran gauzatzea aurreikusi du alderdi jeltzaleak, eta, horrenbestez, 2027an sar liteke indarrean. Neurriak udal ogasunetan “benetako eragina” izan dezan, udalek beren Zerga Ordenantzak egokitzea eta zerga esparru berri hori ekitaldi horretarako txertatzea “beharrezkoa” dela adierazi du EAJk.
“Aurkeztutako erreforma, azken batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromiso bete bat da, eta aurrerapauso garrantzitsua ekitate fiskal handiago baterantz; izan ere, modu esplizituan aitortzen du azpiegitura handiek lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialean betetzen duten eginkizuna, bai eta haiek hartzen dituzten udalerrietan sortzen duten eragina ere”, bukatu du alderdi jeltzaleak.
