HAPOa, pixkanaka, garatzen
Hainbat ekintza garatu ditu udalak, HAPOaren informazioa herritarrei zabaltzeko. Pasaden astean landa eremuetan egin zuten informazio bilera bat.
Errenteria-ko Udalak urrats garrantzitsuak eman ditu azken asteetan HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berria onartzeko. Joan den otsaileko osoko bilkuran dokumentuak hasierako onarpena jaso zuen, kontrako botorik gabe, eta, gainera, Plangintzako Aholku Batzordea-ren aldeko iritzia ere badu. Plan berria jendaurrean dago orain, eta herritarrek 45 eguneko epea dute alegazioak aurkezteko. Dokumentua udalaren webgunean kontsulta daiteke, prozesuan zehar sortutako gainerako materialekin batera.
Jendaurreko epearekin batera, udalak hainbat informazio-ekintza egin ditu azkenaldian, planaren edukia herritarrei gerturatzeko. Testuinguru horretan, joan den astean landa-ingurunean bizi diren pertsonei zuzendutako saio bat egin zen, eta bertan HAPO berriak proposatzen dituen jarduera ildo nagusiak azaldu ziren. Topaketan 40 lagun baino gehiagok parte hartu zuten, eta landa-lurzoruari lotutako zalantzak argitzeko aukera izan zuten.
Bestalde, planaren zabalkunderako ekintzek aurrera jarraitzen dute. Xenpelar Etxean Errenteriako HAPO berria, hiri begirada bat erakusketa zabalik dago apirilaren 18ra arte, astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara. Horrez gain, erakusketaren bisita gidatuak ere antolatu ditu udalak. Hurrengo saioa apirilaren 15ean izango da: 18:00etan gaztelaniaz eta 19:00etan euskaraz.
Udalaren arabera, ekimen horien helburua dokumentuaren edukia herritarrei hurbiltzea eta, aldi berean, herritarren zein tokiko eragileen ekarpenekin prozesua aberastea da.
