Ongizate emozionala landuko dute Pasaiako gazteek
Udalak nerabeei begirako ongizate emozionala lantzeko saioa antolatuko du. Hitzordua apirilaren 17an izango da, Trintxerpe-San Pedroko gaztelekuan, 17:30etik 19:30era.
Pasaiako Udalak nerabeei begirako ongizate emozionala lantzeko saioa antolatuko du aurten ere. Hitzordua apirilaren 17an izango da, Trintxerpe-San Pedroko gaztelekuan, 17:30etik 19:30era.
Saioa 12 eta 16 urte arteko gazteei begirakoa da, eta osasun mentaleko ohitura osasungarriak sustatuko dituzte, arrisku faktoreen prebentzioa eginez eta babes faktoreen garapena bultzatuz. “Izan ere, gaur egungo gizartean moldatzeko eta, orokorrean, gure bizitza ahalik eta egokien kudeatzeko, ezinbestekoa da geure burua ezagutzea eta maitatzen ikastea”, adierazi du udalak.
Ikastaroan marrazki teknika artistikoetan oinarritutako dinamikak baliatuko dituztela aurreratu du udal erakundeak. Introspekzio emozionala errazteko bizipen eta esperientzia tresna gisa erabiltzen dira marrazkiak.
Ikastaroan parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da udaleko Gazteria sailera mezu elektronikoa bidalita. Mezu horretan parte hartzailearen datu pertsonalak ezarri behar dira (izen-abizenak, adina eta kontakturako telefonoa). Izena emateko azken eguna apirilaren 14a da.
