'San Juan' baleontzia eta Kanada, ohorezko gonbidatuak
Euskaldunek eta Kanadak duela bost mende baino gehiago ehundutako harremana berriz biziberrituko dute. 'San Juan', gainera, atrakatua egongo da San Pedron, eta bisitatu ahal izango da festibalean zehar.
Pasaia Itsas Festibala gerturatzen ari da. Maiatzaren 14tik 17ra bitartean izango da jaialdiaren laugarren ekitaldia, eta sustatzaileek iragarri dute San Juan baleontzia eta Kanada izango direla aurtengo ohorezko gonbidatuak. Euskaldunek eta Kanadak duela bost mende baino gehiago ehundutako harremana berriz biziberrituko dutela aurreratu dute jaialdiaren antolatzaileek. San Juan, gainera, atrakatua egongo da San Pedron, eta bisitatu ahal izango da festibalean zehar.
Itsas Festibalaren laugarren ekitaldiak programa espezifiko bat eskainiko du ohorezko gonbidatuaren itsas kulturari eskainia, arreta berezia jarriz egungo Kanadako herri indigenetan. Festibalak Lehen Nazioen, Inuiten eta Kanada Atlantikoko itsas tradizio ezberdinen parte hartzea izango du, eta lurralde horietako aniztasun kulturala gertutik ezagutu ahal izango da.
Proposamenek ondarearen, gastronomiaren, musikaren edo artisautzaren inguruko jarduerak izango dituzte, eta Euskal Herriaren eta Kanadaren arteko lotura historikoak zein herri indigenek harreman horretan izan duten eginkizuna balioan jarriko dute.
Red Baytik Pasaiara
XVI. mendean Pasaiako ontzioletan eraikia, San Juan baleontzia “Euskal Herriko itsas potentziaren urrezko aroaren” parte dela adierazi dute sustatzaileek. Ternuara eta Labradorera bidaiatzen zuten baleontzietako bat izan zen, eta bidaia horietan, euskal marinelen jarduera tokiko komunitateekin harremanetan garatzen zela gaineratu dute. Merkataritza bidaia horiek Kanadako kostaldeetan, arkeologian, toponimian eta herri indigenekin izandako harreman kultural eta komertzialetan “arrasto sakona” utzi zutela esan dute antolatzaileek.
1978an, “kontserbazio egoera harrigarrian” zegoen San Juan baleontziaren saskarra aurkitu zen Kanadako Red Bayn. Aurkikuntza horrek itsas arkeologiarentzat “funtsezkoa” izango zen historia baten hasiera markatu zuela baietsi dute sustatzaileek. Selma Huxley historialariaren ikerketak eta ondare natural eta kulturalaren ardura duen Kanadako erakunde publikoaren kanpainek, San Juan-en jatorrizko eraikuntza aurrekaririk gabeko xehetasun mailarekin dokumentatzea ahalbidetu zutela esan dute.
Ezagutza horretatik abiatuta, Albaolak baleontziaren berreraikuntza abiatu zuen 2014an, Euskal Herriko Errenazimenduko ontzigintzaren teknika, material eta lanbide tradizionalak berreskuratuz. Iazko azaroan ontziaren botadura egin zen Pasaiako badian.
Proiektuak eraikuntza lanekin jarraitzen duela jakinarazi du Albaolak, itsasontzia nabigagarri egingo duten elementuak osatuz: 4 metroko sokak, bi bela joko, aingura forjatuak, bale txalupak, kobrezko galdarak edota upelak. Elementu horiek guztiak Albaolan eraikitzen ari dira.
Aurrez aipatu bezala, San Juan bisitatzeko aukera izango da maiatzaren 14tik 17ra bitartean. Bisitetarako sarrerak, gainera, laster harriko dituzte publikoaren eskura. San Juan-en hurrengo helburua Kanadara joatea izango da, ondoren Pasaiara itzultzeko, “gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiei euskal nabigazioaren balentria handiak transmititzeko gai izango den uretako museo bilakatuta”.
Ontzi txiki eta ertainak
San Juan baleontziaz eta ontzi handien zerrendaz gain, Pasaiako badia ontzi txiki eta ertainez beteko da maiatzaren 14tik 17ra. Dagoeneko ehun ontzi baino gehiagok eman dute izena, eta izena emateko epea irekita dago oraindik. Izen emateak festibalaren webgunearen bidez egin behar dira.
