100 urteren ondoren, Santa Kruz apaiza erdigunean
Trikuharri Kultur Elkarteak antolatuta, 'Koartelik gabeko gerra. Foruzaletasuna eta karlismoa eztabaidagai Oiartzunen' jardunaldiak egingo dituzte hilaren 21etik 26ra.
Santa Kruz apaizaren goardia eta ofizial nagusien sorterria izan zen Oiartzun. Trikuharri Kultur Elkartea Zer ginen eta zer garen esaldiarekin hasi zuen Vendetta talde nafarrak Batasuna abestia. Orainaldian norbera dena aztertzeko iraganean izandakoari so egiteko dio kantuak. Bizitzako eremu askotan aplika daiteke esaldi hori, baita historian ere. Are, baita Euskal Herriko historian ere. Horixe bera egingo du Trikuharri Kultur Elkarteak. Izan ere, 2026 honetan 100 urte beteko dira Santa Kruz apaizaren heriotzatik, eta bide horretan, Koartelik gabeko gerra. 1926-2026. Foruzaletasuna eta karlismoa eztabaidagai Oiartzunen jardunaldiak antolatu dituzte herrian datozen egunetarako.
Oiartzun Santa Kruz apaizaren goardia eta ofizial nagusien sorterria izan zen, eta horrexegatik uste dute berezia izan daitekeela gai hori mahai gainean jartzea datozen egunetan.
Ekaitz Zabalza Trikuharri Kultur Elkarteko kideetako bat da, eta berezitzat jo ditu jardunaldiak. «Santa Kruzek babeslekua izan zuen Aritxulegin. Mugan egoteak militarki abantailak eman zizkion armak-eta edukitzeko, beraz, arma depositua izan zuen bertan. Gainera, bere gerrillako kide asko oiartzuarrak ziren, bere goardia beltza zein ofizial nagusiak bezalaxe. Esan daiteke oso lotuta zegoela herriarekin, eta egokia da horregatik jardunaldiak Oiartzunen kokatzea», dio kultur elkarteko kideak.
Zabalzak azaldu du Santa Kruz misiolari ibili zela Kolonbian, han hil zen. Alabaina, kultur elkarteko kideak apaizaren bizitzako une bat jarri nahi izan du ikusmiran. «Guretzat garrantzitsua da bigarren karlistaldian, 1872tik 1876ra luzatu zen gerran, gerrilla baten buru izan zela», gaineratu du.
Honakoa nabarmendu du elkarteko kideak: «Jardunaldi hauek antolatzeko gure aitzakia bada apaizaren heriotzatik 100 urte betetzen direla aurten, baina haren figuratik harago joan nahi dugu». Zehazki, ikusi nahi dute zer izan zen euskaldunak karlistaldian borrokan aritze hori «eta zerk bultzatu zituen horretara».
Karlistaldiak mintzagai
Antolakuntzakoak, bestalde, historiari heldu, eta oroitarazi du Euskal Herrian bi gerra izan zirela, bata zazpi urtekoa eta lau urtekoa bestea, eta «Euskal Herriak praktikoki bat» egin zuela «karlistekin edo aldarri karlistekin behintzat».
Era berean, dio hiriburuek ez ezik euskaldun hiztun eremuek karlisten alde egin zutela, eta beraz, jardunaldi horietan jorratu nahi dutela zergatik izan zen hori horrela. «Horren atzetik dagoena da foruzaletasuna. Foruak euskaldunon eskubideak ziren, nahikoa autonomia bermatzen zutenak. Diputazioak eta udalek botere asko zuten, autonomia zuten, eta zergen kudeaketa guztia Hego Euskal Herriko lau probintzietan geratzen zen, soldaduska ekidin…».

Hilaren 21etik 26ra izango dira jardunaldiak, eta orotara bost jarduera izango dira egun horietan herrian. T.K.E.
Karlistaldien jatorria historia dinastiko bat dela gehitu du Zabalzak. Fernando VII.a Espainiako erregea hiltzean legea aldatu zuen haren alaba erregina izateko, baina orduan Fernandoren anaiak haren zilegitasuna erreklamatu zuen hura errege izateko. «Fernandoren alargunak liberalengana jo zuen alaba erregina izan zedin, eta hor bi ardatz daude: batetik, liberalak. Horiek ideologikoki apustua egin zuten printzesa horregatik bazutelako boterea erreforma bultzatzeko, eta beste aldetik Carlos V. [Fernandoren anaia] alde egin zutenak daude. Azken horiek Erregimen Zaharra deitzen zaiona mantentzeko eta babesteko egin zuten borroka. Horrek karlismoa gauza oso zabal bat izatea egiten du. Ez dute zerikusirik Madrilgo karlista baten nahiek, edota Hego Euskal Herriko batenak: hemengoek foruen bermea bilatzeko egin zuten borroka. Hori da aldarrikatu nahi duguna», dio Trikuharri elkartekoak.
Zabalzaren hitzetan, harrezkero euskaldunek bazekiten zer zen foruak desagertzea: «Frantziako 1789ko iraultzaren ondoren haiek hegoaldea inbaditzean foruak ezabatu zituzten. Gero, 1820tik 1823ra arte agintean izan zen gobernu liberal espainolak ere foruak ezabatu zituen, baina gobernu hori kendu egin zuten». Haatik, hamar urte pasa ondoren liberalek ikusi zuten boterea bereganatu zutela. «Euskaldunek bazekiten foruak galtzea benetako arriskua zela, eta orduan Carlosen alde egin zuten borroka horretan. Testigu asko daude esaten dutenak beraiei berdin zitzaiela lehenengo zein bigarren gerran erregea zein zen, haiek nahi zutena foruak mantentzea zen. Herritarrak bultzatzen dituena borrokatzera da eskubide propioak izatea, eta horregatik ulertzen dugu gerra proto-nazional bat dela».
Bost eguneko egitaraua
Aipatutako guztia lantzeko bost eguneko egitaraua antolatu du Trikuharri Kultur Elkarteak, eta jardunaldiak hilaren 21etik 26ra izango dira.
Hilaren 21ean Jose Mari Esparzak Zumalakarregi eta Pirinioetako Errepublika liburua aurkeztuko du 18:30ean Arizmendienean, eta hurrengo egunean (hilaren 22an), ordu zein leku berean Santa Kruz apaiza. Heroia ala gaizkilea? mahai-inguru formatuko solasaldia egingo dute Mikel Alberdik eta Luis Maria Martinez Garatek.
Hilaren 23an, bestalde, Karlistadaren kronika 1872-1876 filma emango dute Landetxen, eta, azkenik, Xose Estevezek Foruzaletasunetik nazionalismora hitzaldia emango du Arizmendienean, 18:30ean.
Egitarauarekin bukatzeko, Ozentziyoko ermitara egingo dute ibilaldia hilaren 26an, 10:00etan, Doneztebe plazatik abiatuta. «Iturriotzen dagoen ermita da, eta Bigarren Karlistaldia bitartean eraiki zuten liberalek herria hartuta zutenean, karlistek meza eman ahal izateko».
Zabalzak nabarmendu du jardunaldietan Oiartzuarrak Santa Kruz apaizaren partidan liburua eskuragarri egongo dela, eta hor aipatuko dutela foruzaletasunak bultzatu zituela herritarrak borrokatzera. «Hor ikusiko da apaizaren ibilbidea, harekin egon ziren oiartzuarren ikuspuntutik».
