Eman daiteke izena Xanistebanetako gazteen pala txapelketan
Maiatzaren 1a izango da izena emateko azken eguna, eta lehiaketa hiru kategoriatan banatuko da: gazteak, neskak eta herrikoia.
Xanistebanetako pala txapelketako artxiboko irudia. Oiartzunen pixkanaka Xanistebanei begira jarri dira, eta, bide horretan, Txostek eta Giriziak jaietako gazteen pala txapelketan izena emateko epea ireki dutela iragarri dute.
Ohi moduan, Kontsejupean izango da, eta binakako txapelketa izango da aurtengoa ere. Lehiaketak hiru kategoria izango ditu: gazteak; neskak eta herrikoia. Lehen kategoria horretan 12-16 urte arteko neska mutilek eman ahal izango dute izena, eta kategoria herrikoian Oiartzunen erroldatutakoak edota bertan jaio zein bizi direnak inskribatu ahal izango dira.
Lehiaketan izena emateko zerrendak Miren eta Sorginzulo tabernetan egongo dira, eta inskribatzeko garaian hamabost euro ordaindu beharko dute denek gazteek izan ezik.
Izena emateko azken eguna maiatzaren 1a izango da, eta txapelketa maiatzaren 13an hasiko da. Era berean, nabarmendu dute “seguruenik” partidak astearte eta asteazkenetan jokatuko direla, 18:00 eta 21:30 bitartean.
Azkenik, nabarmendu dute izena ematen duten guztien artean zozkatuko direla epaile lanak egiteko txandak, eta egokitutako orduan agertzen ez den bikotea txapelketatik kanporatuko dutela jakinarazi dute.
Halaber, diote maiatzaren 1a baino geroago izena ematen duten guztiak zuzenean epaile lanetan jarriko dituztela.
Finalak abuztuaren 4an izango dira, eta 17:00etan hasiko dira.
