Europako Batzordearen Inklusio eta Aniztasun Sarietan finalista da Errenteria-Orereta
Sariketak, hiri, herri eta eskualdeen inklusioaren eta aniztasunaren aldeko jardunbide onenak saritzen ditu.
Gü Harreragunearen aurkezpen ekitaldia.Imanol Saiz Gomez de Segura Errenteriako Udala Inklusio eta Aniztasunerako Europako Hiriburuen Sariaren azken fasera iritsi da. Atzean hautaketa prozesu lehiakorra izan da eta Europako beste hamabi herri, hiri eta eskualderekin batera heldu da fase horretara. Sariketak, hiri, herri eta eskualdeen inklusioaren eta aniztasunaren aldeko jardunbide onenak saritzen ditu.
Joan den martxoaren 16an izan zuen udalak horren berri, eta poza adierazi du, “aniztasunaren eta inklusioaren eremuan jasotako aitorpenak balioan jartzen du Errenteriaren harrera bokazio historikoa, eta udalerrian sakon errotutako ibilbide inklusiboa. Gaur egun ere funtsezkoa da udalerri kohesionatuago eta berdinzaleago bat eraikitzen jarraitzeko”.
Europako sari horiek bosgarren ekitaldia dute honakoa, eta aurten, guztientzako lan merkatu inklusiboei zuzendutako berariazko sari bat ere sortu dute lan esparruan eta oro har, lan merkatuan aukera berdintasunak duen garrantzia nabarmentzeko.
Errenteria-Orereta, bi kategorietan da finalista. Batetik, 50.000 biztanletik beherako toki erakundeen kategorian. Kategoria horretan Europako Batzordeak aitortza egiten dio bizilagun berriei egiten dien harrerari, bereziki balioan jarriz guztion oinarrizko eskubideen eta herritartasun osoaren alde egiten den apustua. Horren barruan aipamen berezi, gainera, udalak martxan jarri berri duen Gu Harreragune zerbitzuak. Kategoria horretan beste lau udalerrirekin batera lehiatuko da Errenteria-Orereta.
Bigarren hautagaitzak lan merkatu inklusiboaren alde egindako lana aitortu nahi du. Horren barruan, hainbat apustu zehatz hartzen ditu kontuan sariak: tituluak homologatu ahal izatea, sektore kualifikatuetan laneratzea bultzatzeko edota oso feminizatua den zaintza lanak duintzea prestakuntzaren egiaztapena, lan baldintzen hobetzea, edota enpleguaren erregularizazioa sustatuta.
Bigarren kategoria horretan beste bederatzi erakunderekin lehiatuko da Errenteriako Udala.
Europako Batzordeak hilaren 21ean emango du sarien banaketa ofizialaren berri Bruselan. Ekitaldira, hautagai diren toki entitateetako alkateak eta ordezkariak, bestelako erakundeetako arduradunak eta aniztasunaren eta inklusioaren esparruko eragileak bilduko dira. Errenteriako Udalaren izenean Aizpea Otaegi alkatea, kultur aniztasuneko, Garapeneko Lankidetza eta Giza Eskubideko zinegotzi Itsaso Cruz eta departamenduko teknikari Samira Godi izango dira Bruselako ekitaldi horretan.
