Legebiltzarreko Osasun Batzordeak Pasaia Badia Aktiboaren estrategia ezagutu du
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko ordezkari batzuk Pasaia Badia Aktiboaren estrategiaren nondik norakoak ezagutu zituzten atzo.
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko ordezkari batzuk Pasaian izan ziren atzo Pasaia Badia Aktiboaren (PBA) estrategiaren nondik norakoak ezagutzeko. PBA herria eta pasaitarrak aktibatzeko Pasaiako Udalaren estrategia integrala dela, eta Mugiment euskal gizarte aktiboa lortzeko ekintza planaren aterkipean kokatzen dela jakinarazi du udal erakundeak. PBAk 2018tik dihardu “herritarrak artatzen, herriko eragileekin sareak ehuntzen, egitasmo eta programak sortzen, nahiz herri aktiboagoa lortzeko ekintzak aurrera eramaten”.
Legebiltzarkideek bertatik bertara ezagutu zituzten PBAk kudeatzen dituen jarduera guztiak. Lehenik eta behin, San Pedroko anbulatorioa bisitatu zuten, bertan baitago gorpuztuta Pasaiako Orientazio zerbitzuaren hanketako bat. Anbulatorioko arduradunek deribazioak nola egiten dituzten kontatu zieten, Pasaiako Kirol eta Gizarte Ekintza sailekin zuzeneko hartu-emanean aritzen baitira.
Bisitaren bigarren zatia San Pedroko Udal Aretoan izan zen, eta Pasaiako estrategiaren gaineko xehetasunak azaldu zituzten Sara Dorronsoro Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Saileko arduradun teknikoak eta Xabier Rodriguez eta Maddi Marquet PBAko orientatzaileek. Pasaiako ordezkariez gain, Elena Lete Osasun Batzordeko presidentea, Rebeka Ubera Osasun Batzordeko presidenteordea eta Jon Aiartza eta Ima Garrastatxu Osasun Batzordeko kideak izan ziren. Pasaiako gobernukideak, Mugiment Ekintza Planaren arduradun teknikoak, udaleko Kirol eta Gizarte Ekintza sailetako ordezkariak eta OSI Donostiako San Pedroko Anbulatorioko Lehen Mailako Arretako unitate buruak ere topaketan izan ziren.
