Frutategi eta barazki dendetan, euskaraz
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak fruta eta barazkiak saltzen dituzten dendetan euskararen presentzia areagotzeko kanpaina abiatu du.
Antxoko Josune dendan, kanpainaren berri ematen.Oarsoaldeko Euskara Batzordea Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, urtero establezimendu gremio edo sektore jakin bat aukeratzen du horietan euskararen presentzia areagotzeko. Aurten, fruta eta barazki dendetan eragin nahi du Bertako fruitua, euskara! kanpainaren bitartez. “Establezimendu horietan euskarak ahozko eta idatzizko presentzia handiagoa izatea du helburu egitasmoak. Horretarako, doako zerbitzu eskaintza egiten zaie: itzulpenak, maketazioa, hizkuntza-paisaia euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…”, azaldu diute batzordekideek.
Gaur aurkeztu dute kanpaina Antxoko Josune barazki eta fruta dendan. Han izan dira eskualdeko udaletako Euskara zinegotzi Laura Ré (Pasaiakoa), Iker Salaberria (Lezokoa) eta Leire Mazizior (Errenteriakoa), nahiz Oiartzungo Udaleko alkateorde Garazi Urdanpilleta. Nola ez, saltokiaren arduraduna ere izan da agerraldian, Josune Ibeas Alkorta hain zuzen ere, Laurak Bat Pasaiako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkarteko lehendakariorde Mari Carmen Mogilnickirekin batera.
50 establezimenduk egin dute bat jada Bertako fruitua, euskara! egitasmoarekin. “Hasteko”, zehaztu dute Euskara Batzordearen gidariek, “urteko ekintzetan parte hartuko duten establezimendu guztiei jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagunduko zaie. Horretaz gain, fruta eta barazki dendetako hiztegitxoa ere banatuko zaie“. Maiatzaren hasieratik, berriz, fruten eta barazkien euskarazko izenak jasota dituen posterra emango diete egitasmoaren zati diren saltokiei.
Azkenik, urriaren 15etik eta hilabetez, proiektuaren barruan diren establezimenduetan euskaraz egiten duten bezeroei irudi bidezko hiztegi tolesgarria emango diete, horren barruan Hilario Arbelaitz sukaldari entzutetsuaren lau errezeta daudela; hiztegiarekin batera fruta eramateko zorroa jasoko dute bezero horiek.
Esana dago jada 50 direla Bertako fruitua, euskara!-rekin bat egin duten dendak. Hala, oraindik izena eman ez dutenei gonbita egin die Aizpea Otaegi Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak (Errenteriako alkate ere bada) lerroka daitezela euren establezimenduetan euskararen presentzia indartzeko egitasmora. Herritarrei ere mezua helarazi die: “Egunero, denetarako erabiltzea da euskara indartzeko modurik onena”.
