Olaizola jatetxeko bederatzi langileren kaleratzea, baliogabetuta
Epaiak dio enpresak fede onaren printzipioa urratu zela kaleratze prozesua gauzatu zenean, erabakia aurrez hartuta zegoelako eta ez zelako elkarrizketarako borondaterik erakutsi.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko sailak baliogabetzat jo du Oiartzungo Olaizola jatetxeko bederatzi langileei eragin zien Enplegu Erregulazioko Espediente bat (ERE). Epaiak dio enpresak fede onaren printzipioa urratu zela kaleratze prozesua gauzatu zenean, erabakia aurrez hartuta zegoelako eta ez zelako elkarrizketarako borondaterik erakutsi.
Kasua eraman duen abokatuaren esanetan, frogatutako gertakariek “ezohiko administrazio kronologia bizkortu bat” kontatzen dute; are, ebazpen judizialak ezohiko kaleratze prozesu frenetiko bat deskribatzen dute. Hain zuzen, prozesu hori 2025eeko abenduaren 19an hasi zen formalki, eta handik hamar egunera amaitu zen berau kaleratze gutunen entregarekin eta Olaizola jatetxearen ateak betiko ixtearekin batera. Hartara, abokatuak zehaztu du prozedura horrek “alde batera” utzi duela kontsulta epearen irekieraren jakinarazpenaren eta kaleratzeen dataren artean igaro beharreko legezko 30 eguneko gutxieneko epea.
Era berean, epaiak gaineratzen du kontsulta epe hori ez dela “nahitaezko izapide hutsa”, proposamenak eta kontraproposamenak eskatzen dituen negoziazioa baizik. Hortaz, Olaizola jatetxeak itxiera erabaki bat gauzatzeko kanpo formalitate bat bete nahi zuela egiaztatu ondotik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak lan araudiak baimentzen dituen legezko ondorio handienak ezarri ditu.
Oiartzungo jatetxea itxita dagoenez, ezinezkoa da langileak berrio onartzea, eta, ondorioz, auzitegiak amaitutzat jo zituen lan harremanak martxoaren 27an –epaiaren argitalpenaren eguna–. Hori horrela izanik, jatetxeak izapide aldiko soldatak ordaindu beharko ditu [enpresa batek langile bati ordaindu behar dizkion ordainsari ekonomikoak dira, deuseza edota bidegabe gisa deklaratu den kaleratze batetik epaia jakinarazi edota berronartu arte igarotako denboragatik].
Olaizola jatetxea konkurtsoan deklaratu zen, eta beraz, ez da ziurra arestian aipatutako ordainketa horiek beteko direnik. Dirudienez, beraz, langileek Fogasara joko dute, baina ez da ziurra indemnizazio osoak jasoko dituztenik.
