Txapeldunen garaikurra jasoko du bihar Donibanek
Donibane Eskubaloiako gizonen lehen taldea Euskadiko Ligako txapeldun izan da, eta txapeldunen garaikurra jasoko du bihar sasoiko etxeko azken partidan, 20:00etan.
Donibane Eskubaloiako gizonen lehen taldea Euskadiko Ligako txapeldun izan da, eta txapeldunen garaikurra jasoko du denboraldiko etxeko azken partidan. Norgehiagoka bihar (asteazkena) izango da, 20:00etan, Larrabide kiroldegian, Leizaranen aurka. Arrosek sasoi bikain baten aitortza jasoko dute biharko neurketaren atarian. “Lortutako garaipenak eta erakutsitako mailak klubaren historiako lorpen garrantzitsuenetako bat bihurtu dute txapelketa honetakoa”, adierazi du klubak.
Biharko partidan puntuak jokoan izango diren arren, Donibanek matematikoki bere egin du Euskadiko Liga, eta hitzorduak ospakizun giroa izango duela aurreratu du klubak, titulua zaleen aurrean ospatu ahal izango baitute. Donibanek herritar eta zale guztiak gonbidatu ditu Larrabidera gerturatzera eta ospakizunean parte hartzera, “taldearekin batera arrakasta historiko hau ospatzeko”.
