Adinberriko obrak aurrera doaz
Lanen lehen fasea bukatuta, proiektua fase berri batean murgilduko da, eraikina eraikitzen hasiko baitira. Adinberri 2028ko abenduan errealitate izatea aurreikusi dute.
Trintxerpeko Adinberri egoitzako obrak aurrera doaz, eta gaur goizean bisitatu dute eremua Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Teo Alberro Pasaiako alkateak, Aintzane Taberna Pasaiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak eta Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak.
Gaurko bisitan Gipuzkoarentzat “estrategikoa” den proiektuaren aurrerapenak azaldu dituzte. Adinberriko lanak fase berri batean sartuko dira, eraikina eraikitzen hasiko baitira. Lehen fasean lurzorua egokitu dute. Bide horretan, azpiko lurzoruaren azterketa, egokitzapena eta sendotze lanak egin dituzte, proiektua seguru eta bideragarri egiteko.
Lehen fase hori gauzatuta, obra “fase ikusgarrienean” murgilduko da orain, eraikinaren jarduketak hasiko baitira. Aurreikuspenen arabera, indusketa datozen asteetan bukatuko da, zimendatze losa udan egingo da, eta eraikinaren egitura 2026an eta 2027an zehar osatuko da. Fatxada 2027ko irailean ixtea aurreikusi dute, Adinberri 2028ko abenduan bukatuz. Trintxerpen kokatuta egongo den espazioak egoitza arreta, gizarte berrikuntza eta komunitateari irekitako zerbitzuak uztartuko dituela adierazi du aldundiak.
Eraikinak bi solairuko aparkalekua izango du, 470 ibilgailu ingururentzat. Horien artean, plaza irisgarriak, ibilgailu elektrikoentzako karga puntuak eta bizikletentzako zein motoentzako guneak gaituko dituzte. Egoitza, gainera, bi eraikinetan antolatuko da, bizikidetza unitateetan egituratuta. Antolaketa horrek arreta pertsonalizatua eskaintzea ahalbidetuko duela aurreratu du aldundiak. Orotara, 129 plaza izango ditu Adinberrik.
Eraikina eguneko zentro batekin eta komunitateari irekitako hainbat espaziorekin osatuko dela jakinarazi du aldundiak; hala nola, topaguneekin, fisioterapia eta podologia zerbitzuekin, eta berrikuntza zein ikerketarako gune espezifiko batekin. Horrez gain, bizitza osorako pentsatutako 18 etxebizitza tutelatu ezarriko dira Adinberrin, baita inguruko beharretara egokitzeko moduko erabilera anitzeko eraikin bat ere.
Adinberrik Hospitalillo kaiko inguruari “ekarpen esanguratsua” egingo diola adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak, “jarduera eta komunitate kohesioa bultzatzeko eragile gisa”. Proiektuak, gainera, 400 enplegu zuzen eta zeharkako sortuko dituela aurreikusi du aldundiak, “eta udalerriarentzat dinamizazio ekonomiko eta sozialerako motor gisa finkatuko da”.
Adierazpenak
Honakoa esan du Mendozak Adinberriko proiektuaren inguruan: “Gaur ari gara lanean etorkizuneko kalitatezko zaintzak bermatzeko, zaintza beharra duen pertsona orok arreta pertsonalizatua, berritzailea eta konektatua izan dezan. Adinberriko egoitza lurraldean eraikitzen eta planifikatzen ari diren gainerako zerbitzuekin batera, zeregin horretan euskarri nagusietako bat izango da. Konplexutasun handiko proiektua da, baina izaera estrategikoak eta kokatzen den espazioa birsortzeko apustu argiak zailtasunak gainditzea ahalbidetu dute; horrenbestez, eraikuntza fasea etapa berri batean sartzen da, inguruan ikusgarriagoa izango dena”.
Eta jarraitu du: “Lan handiz landutako proiektua da, Gipuzkoarentzat oso garrantzitsua. Gaur ikusi dezakegu aurrera egiten ari dela, nahiz eta oraindik bidea geratzen den. Hurrengo hilabeteetan aurrerapen hori are gehiago gauzatuko da, eta horrek ongizate integralean eragin zuzena izango du Pasaiako, Oarsoaldeko eta, azken batean, lurralde osoko herritarrentzat”.


