Amorrua eta mina, berriro
Elkarretaratzea egin dute Clara Rangel Plazan Iruñeko Sanduzelai auzoan izandako hilketa matxista salatzeko. Urtea hasi denetik Euskal Herrian izandako hirugarren hilketa matxista da.
Iruñeko Sanduzelai auzoko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea.Ainara Artetxe Maritxalar Amorrua eta mina atera zuten atzo kalera Oreretako Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzera bildu zirenek. Gogor salatu zuten Iruñeko Sanduzelai auzoan izandako hilketa matxista; horrekin, hiru dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian gizonek hil dituzten emakumeak. Bere etxeko leihotik ihes egiten ari zenean hil zen emakumea. Mugimendu feministak ez du zalantzarik, eta hala adierazi zuen atzo, “indarkeria matxistak erail du”. Emakumearen senide eta lagunei maitasuna eta babes osoa adierazi zieten.
Hiru hilketa matxista, eta horietatik bi, azken hamar egunetan jazo dira; horri, epe horretan gertatutako erailketa saiakera bat gehitu dio mugimendu feministak: “Aski da. Noiz arte iraungo du honek? Indarkeria matxistak emakumeak emakume izate hutsagatik erailtzen ditu”.
Indarkeria matxistaren “egiturazko izaera” jarri zuten nabarmen atzoko elkarretaratzean, sistema oso bat dagoela horren atzean, eta aurpegi ugari dituela, “zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala da sistema hori, eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak”. Azken baieztapemn hori arrazoitu zuen mugimendu feministak, azaldu baitzuen ez duela indarkeria matxistak modu berean gurutzatzen gorputz bakoitza, “argi dago arrazakeriak indarkeria areagotzen duela, emakume migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte. Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira”.
Azken hilketa matxistaren kasuak etxebizitza eskubidea “merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko niola erabili den” agerian utzi duela salatu du, halaber. Horrekin lotuta ere, mezu argia, etxebizitza duinik gabe ez dela bizitza duinik, ezta indarkeriatik ihes egiteko aukerarik ere, “prekarietateak ez du soilik pobrezia eragiten, arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du”.
Instituzioen gaiarekiko “erantzun faltari” arduragabekeria gehitu dio orain mugimendu feministak, “nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume batek etxebizitza duin bat bermaturik ez izatea”. Haserre esan dute, “emakumeak behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea, nahiz laguntza eta babesa ematea ere bada instituzio publikoen betebeharra eta emakumeak haien erasotzaileekin bakarrik uztea arduragabekeria da”.
Interpelazioa atzoko elkarretaratzean, berriro, gizonei: “Erantzukizuna duzue honetan, noiz arte jarraituko duzue beste aldera begira? Jakin badakigu egiturazko arazoa dela indarkeria matxista, eta badakigu ere ezinezkoa izango dela horrekin bukatzea gizonek zuen anaitasuna eta konplizitate sareekin apurtu arte; egitura sostengatzen duen pieza zarete”.
Audotefentsarako deia, bukatzeko, “zuen matxismoak hiltzen du, zuen arduragabekeriak hiltzen du, zuen konplizitateak hiltzen du, eta gu, nazkaturik gaude. Feministok autodefentsan jarraituko dugu. Gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, salatzen, kaleak hartzen”. Egungo egoera iraultzeko konpromisoa ere berretsi zuten, “denok aske bizi ahal izateko”.
