Txotx egiteko prest
Aurtengo omenduak Egiluze eta Donostia sagardotegiak dira. Sagardo Egunari hasieratik eman dioten babesa, laguntzeko prestutasuna, konplizitatea eta konpromisoa aitortu diete biei.
Sagardo Egunaren aurkezpeean bi omenduei Agurra dantzatzen. Apirilarekin batera heldu da urtero egutegian gorriz markatutako hitzordua: Oreretako Sagardo Eguna. Hilaren 25ean, larunbata, goiz eta arratsaldez sagardoa eta haren bueltakoak protagonista izango dira. Atzo aurkeztu zuten antolatzaileek — herriko elkarte gastronomikoetako kideek zein hainbat norbanakok— guztiz erreferentziala den jaiaren hogeita hemezortzigarren ekitaldia. Erraz esaten da 38, baina horren atzean den lan mardula eta batez ere eragile eta norbanako mordoaren konpromisoa handi-handia da.
Sagardo Egunaren goiz parteko agertoki bilakatuko den Foru plazan egin zuten aurkezpena, alkandora edo elastiko zuria eta koadrodun zapia lepoan, eta harro. Ez da gutxiagorako hasi zenetik urtez urte izan baitute antolatzaileek, eta batzen joan diren belaunaldi gazteek jaiaren lekua hartu eta bizi-bizirik mantentzeko gaitasuna. Sagardoaren magia, haren bueltan sortzen den jai giro berezia, antolatzaileek komunitatea saretzeko erakutsi duten gaitasuna eta jaia egiteko jartzen duten maitasuna… horiek dira eta ziurrenik batzuk gehiago ere egunaren arrakastaren zioak.
Handia izango da eguna aurten ere berriro, oso handia, eta hala izan dadin beharrezko dituztela konplizitateak azaldu zuen antolatzaileen izenean Idoia Arbelaitzek atzoko agerraldian. “Ezinbesteko” diren horiek urtez urte omentzen ditu Sagardo Egunaren antolaketak, eta atzoko agerraldian egin ziten lehen omenaldia, “xumea baina bihotzarekin” aurtengo bi omenduei: Egiluze eta Donostia sagardotegiei: Horien izenean Antton Retegi eta Jokin San Sebastianek jaso zuten aitortza, baina haiekin batera bi gune horien arima direnak: “Donostia Sagardotegiko Joakin, Pili, Eli, Jokin… eta Egiluze Sagardotegiko Antton, Peio, Joxeluis, Josemari, Mariangeles, Mariasun eta Anamari, eskerrik asko ilusioa, prestutasuna, zintzotasuna, eskuzabaltasuna, goxotasuna eta samurtasunarengatik”.
Txalapartaren ttakunak hasi zuen ekitaldia eta xehetasunak eman zituen ondoren Arbelaitzek. Astoak garraituko du sagardo kupela herriko kaleetatik, eta 12:00etan egingo dute Sagardo Egunaren aurtengo ekitaldiaren lehen txotxa, eta ez da faltako kale animazioa: “dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak, txalapartariak, bertsolariak… arituko dira kaleetan barrena girotzen”.
Bigarren txotxa, eguerdikoa baino handiagoa izaten dena, 18:00etan helduko da, eta ohi moduan Zumardian egingo dute. Bertan Euskal herriko makina sagardogileren uzta dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Zumardian bertan edalontzia, pintxoa, leporako zapia eta sagardotegian bazkaria zozkatzen duen zenbakiak erosteko aukera izango da.
Jai egunaren testuinguruan aintzat hartzeko hainbat ohar, arbelaitzek: Euskaraz aritzeko deia “jai giroan ere”; inongo eraso sexistarik ez dutela onartuko ozen esan zuen, gainera, eta errespetua eskatu zuen lanean ariko direnekiko, baita elkarrenganako zaintza ere, “nabarmendu nahi dugu elkartasuna adierazteko unea badela ere Oreretako Sagardo Eguna”.
Horiek azalduta bertso parea eskaini zien Julen Olaizola bertsolari gazteak, bi omenduei bana, eta agurra dantzatu zieten. Horiek eginda, txotxa, botilatik eta Egiluzeko sagardoarekin, eta Foru Plazatik Arramendira abiatu ziren Oreretako Sagardo Egunaren sagastian bi sagarrondo landatzeko aurtengo bi gune omenduen izenean.
