Antzerki Testu Laburren lehiaketa, askorentzako erakusleiho
Ostegunean abiatuko da testu laburrak bidaltzeko epea, eta irailaren 11n itxiko dute. Urriaren 3an egingo dute finala, lau testu antzeztuz.
Intxaurraga, Saizar eta Salaberria. Lezoko IV Antzerki Testu Laburren lehiaketa aurkeztu dute gaur. HIKA Teatroaren eta Lezoko Udalaren arteko elkarlanean egindako egitasmoa da, eta azkeneko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere berriro egingo dute. “Euskal dramaturgoei eta bereziki euskal gazte dramaturgoei espazio bat emateko sortu zen lehia, eta noski, herritarrak antzerkira hurbiltzko”, esan du Aitzol Saizar Kultura zinegotziak. Urriaren 3an egingo dute aurtengo finala, eta xehetasun sakonagoak irailean aurkeztuko dituzten arren, lehenengo aurkezpena egin izan nahi dute gaur.
Testuak aurkezteko epea ostegunean irekiko da, hau da, apirilaren 23an, azaldu du Ainhoa Salaberria Kultura teknikariak. “Irailaren 11ra bitarte aurkeztu ahal izango dira testuak”, gehitu du teknikariak. Testuak kultura@lezo.eus helbidera bidali beharko dira. Beti bezala, testuak jasotzean epaimahai profesional batek baloratuko ditu, eta lau onenak finalera iritsiko dira. “Aurten lau finalista izan ditugu, aurreko urteetan baino bi gutxiago”, esan du Agurtzane Intxaurraga HIKA Teatroko zuzendariak.
Euskal Herri osoarentzako lehia da, Intxaurragak azaldu duenez. “Gipuzkoarrentzat ez ezik, Euskal Herriko jende guztiarentzat dago bideratuta lehia. Azken urteetan txoko askotatik jaso ditugu testuak, eta espero dugu aurten ere horrela izatea”. HIKAko kideak adierazi du iaz lehenengo aldiz soilik euskarazko testuak onartu zirela, haien ustez euskararen aldeko “diskriminazio positibo” hori beharrezkoa baita. “Lehen bi urteetan gehienez 20 bat testu jasotzen genituen, eta iaz, soil euskarazkoak hartuz, hamaika. Erdia baino gehiago izan zen, eta hori pozgarria da”, gehitu du Intxaurragak.
Gazteak idaztera animatzea dute haien helburuetako bat, eta horregatik, beste “diskriminazio positibo bat” ezarri dute horren harira: “Lau finalistetatik, bat gutxienez 35 urtetik beherakoa izan beharko da”. Parekidetasuna aipatu dute ere. “Genero parekidetasuna mantentzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta horregatik Lezo Eszena osoan bermatzen dugu”, gehitu du Intxaurragak.
Aktoreak, irailean
Antzezlanak bi protagonistez osaturikoak izan behar dira, eta estilo aldetik, badago askatasuna. “Zuzendari dramaturgo berriak izango ditugu aurten: Oier Astarloa eta Olatz Gorrotxategi”, esan du HIKAko zuzendaria. Testuak originalak izan behar dira, eta ez dira adaptazioak onartuko. Horrez gain, ezin izango dira lehenago interpretatu. Aurreko urteetan bezala, ondoren testuak liburu batean gehituko dira. “Haien testuak aurrez aurre eta hedabideetan zabaltzeko aukera paregabea da dramaturgoentzat. Liburuak ere ondoren bere ibilbidea hartzen du”.
Lau testu finalistak urriaren 3an antzeztuko dira, Lezo Herri Eskolako patioan. “Antzezlana interpretatuko duen taldea oraindik ez dugu iragarriko, horretarako iraila arte itxarongo dugu”, esan du HIKAko kideak. Hori bai, primizia txiki bat eman du: Jurgi Sarasola aktore lezoarra aktore taldean izango da. Lezo kultur mapan jartzeko egitasmo sakon eta ederra da Lezo Eszena, eta hori herritarrek badakite. “Lezoko antzerkizale eta idazleek badute haien espazioa, eta hori ere garrantzitsua da”, esan du zinegotziak.
