Ereintza Txistulari Taldearen belaunaldiarteko kontzertua, ostiralean
Berrituta dator banda, eta hiru belaunalditako kideen parte hartzearekin, gainera.
Ereintzako Txistulari Taldea, iazko emanaldian.Ereintza Txistulari taldea Ereintzako txistulari taldeak kontzertu berezia eskainiko du Madalenaren ermitan ostiralean, hilak 24, 19:30ean hasita. Berrituta dator banda, eta hiru belaunalditako kideen parte hartzearekin, gainera. Musika emanaldia izatetik harago doa kontzertu hori, hala azaldu dute Ereintzatik, “txistuaren inguruko zaletasuna, transmisioa eta konpromisoa belaunaldiz belaunaldi nola mantendu diren erakustea bilatzen dugu”. Hori horrela, kontzertuari izaera berezia emango diote, iraganaren eta orainaren arteko lotura agerian utziz.
Ibarzabal eta Erandio Goikoa biribilketekin hasiko da kontzertua, giro alaia sortu asmozz. Ondoren, Raimundo Sarriegiren Brakaman minuetoa interpretatuko dute. Ondoren, Demetrio Iriarteren Abendua lana joko dute, lau zatitan banatutako alborada. Aintzinako aire berriak lana interpretatuko dute ondoren txistulariek, Jean Noël Marchand konpositorearen piezen moldaketarekin.
Pazkoetan den alegerena pieza, Ametsa rapsodia ere joko dituzte eta kontzertuaren azken zatian, Isidro Ansorenaren Fandangoa eta arin-arina interpretatuko dituzte txiustulariek. Bukatzeko, Arabar Errioxako dantza tradizionalen bilduma eskainiko dute emanaldian. Historikoki dultzainarekin jotzen ziren arren, gaur egun txistuarekin ere interpretatzen dira, eta horrek tresnaren moldakortasuna erakusten duela azaldu dute Ereintzako txistulari taldekoek.
Emanaldiarekin euskal musika tradizionalaren aberastasuna eta aniztasuna erakutsi nahi dituztela zehaztu dute, bai jatorrizko obren bidez, bai moldaketen bidez, “aldi berean, txistuaren garrantzia azpimarratzen du, belaunaldien arteko transmisioan eta kultura ondarearen biziraupenean funtsezko tresna gisa”.
Emanaldia, ostiralean, 19:30ean hasita Madalenaren ermitan.
