Erromeria giroak zipriztinduko du Bizarain mendia
San Marko Eguneko erromeria egingo dute igandean, hilak 26, Bizarain mendian San Marko gotorlekuaren inguruan.
San Marko Eguneko erromeria aurkeztu dute.Herri Bizia San Marko Eguneko erromeria egingo dute igandean, hilak 26, Bizarain mendian San Marko gotorlekuaren inguruan. Ospakizuna antolatzeko, aurten ere, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean aritu da udala eta hala osatu dute erromeria giroko egitaraua.
Beti Prest elkartea, Doike Musika eta Dantza Kultur Elkartea, herriko trikitilariak, Xenpelar Bertso Eskola eta Zamalbide Auzo Elkartea dira elkarte horiek.
Gaur aurkeztu dute Leire Mazizior Landa Garapeneko zinegotziak eta antolaketan aritu diren eragileetako ordezkariek erromeria. Egun osoko festa izango da eta egun parte hartzaile eta herrikoia izatea nahi dutela adierazi dute antolatzaileek, eta azaldu, hori lortzeko herriko hainbat elkartek urtean zehar egiten dituzten jarduerei lekua ematea izan dela programazioaren ardatz nagusietariko bat.
Gainera, bertako produktuen azoka ere egongo da; jaki postuak jarriko dituzte gotorlekuaren kanpoaldean eta, barnealdean, euren lekua edukiko dute bestelako artisautza produktuek. Halaber, bertaratutakoek jateko eta edateko aukera eduki dezaten kantina jarriko du Zamalbide Auzo Elkarteak.
Bizarain mendira bertaratzeko, autobus zerbitzu berezia izango da, Morrongileta kaleko geltokitik abiatuta San Markoraino ohiko geldialdiekin. Morrongileta kaletik irteerak: 10:00etatik 13:40era, 20 minutuero. 16:00etatik 18:40era, 40 minutuero. San Markotik irteerak: 10:20etik 14:00etara, 20 minutuero. 16:20etik 19:00etara, 40 minutuero.
Eguraldia aldeko ez badute ere, ez dute bertan behera utziko erromeria, gotorlekuak berak hartuko ditu-eta egitaraua osatzen duten ekintzak herritarrek egunaz gozatzen jarrai dezaten.
Zirkulazioaren gaineko neurriak hartuko ditu udalak San Marko Egunaren erromeriaren harira, bestalde. Igandean, 08:00etatik 19:00etara itxita egongo da Bizarain ikastolako biribilgunetik San Markos gotorlekurako igoeraraino doan zatia eta Zamalbide auzotik San Markos gotorlekuraino doan pista zatia. Udaltzaingoak gune horretan ibiltzeko baimenak emango dizkie inguruko bizilagunei eta elbarrituen txartela duten pertsonei. Baimen horiek aldez aurretik eskatu beharko dira Udaltzaingoaren bulegoetan.
Halaber, Bizarain ikastolako patioa aparkaleku gisa egokituko da San Markos gotorlekura oinez igo nahi duten guztientzat. Aparkalekua 08:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.
Egitaraua
- 10:00: Erromeria martxa San Markora Foru Plazatik abiatuta. Herriko trikitalari taldearen eskutik.
- 11:15: San Marko gotorlekura azken igoera, Trikitilari taldea, Beti prest eta Doike taldearen eskutik.
- 11:30: Herri kirolak.
- 12:30: Doike taldearen musika emanaldia eta Beti Prest taldearen plaza dantzak.
- 13:30: Bertso saioa Xenpelar Bertso Eskolaren eskutik.
- 14:30: Haur jolasak
- 16:30: Txokolatada. Antolatzailea: Zamalbide auzo elkartea
