Altamirako saneamendu sarea eraldatzeko lehen fasea, egina
Tomas Garbizu kalearen azpialdeko zatia berriz ere zabalik da. Orain bigarren faseko lanekin ari dira.
Tomas Garbizu kalearen behealdean egin dituzte lehen faseko lanak.Lezoko Udala Altamira auzoko uraren saneamendu sarea eraldatzeko lanen lehen fasea egina dago, aurreikusia zegoena baino bi astebete lehenago gainera. Tomas Garbizu kalearen behealdean egin beharreko lanketak burututa, jada zabalik da ibilgailuentzat zati hori, beraz, aldatu ziren norabideak berrezarri dira. Orain lan horien bigarren faseko zereginekin ari dira beharginak, Tomas Garbizuko goialdeko zatian hain zuzen ere. Hirugarren fase bat ere badute lanek, Altzate igerilekutik portura doan tartearena zehazki; azken lan horiek maiatzaren erdialdean hasiko direla aurreikusi du Lezoko Udalak. Udalak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak egindako lankidetza hitzarmenaren barrukoak dira obrak.
Altamirako uren saneamendu sarearen eraldatzeak helburu zehatza du: euri urak eta zikinak (fekalak) bereiztea. Hala, egungo saretik euri eurek dagokien bidea egingo dute, eta egiten ari diren sarera ur zikinak bideratu dira, hau da, etxeetatik datorren ur zikinen itsaso eta erreketaranzko isuriak murriztuko dira, baita araztegian tratatu beharreko urak gutxitu ere. “Horrek tratamendu sistemaren eraginkortasuna handituko du, eta ingurumenaren zaintzan aurrerapauso garrantzitsua ekarriko du”, azaldu du Lezoko Udalak.
Aldi berean, auzoko bizilagunei eskerrak eman dizkie udalak obrak eragozpenak sortzen ari direlako auzoan, eta haien “ulermena eta lankidetza” goretsi ditu: “Azpiegitura hauek funtsezkoak dira etorkizun jasangarriago bat eraikitzeko, ingurumena eguneroko baliabide eta jarrerak hobetuz ere zaintzen dugu”.
Lehen fasean egindakoaren xehetasun gehiago eman ditu udalak. Hodien sarea bikoizteaz gainera, aurretik zen sareko hainbat hodi konpondu eta berritu dira, estolderiako tapak aldatu dira, eta eraikinen barruan izan eta saneamendu sarearekin lotura duten puntuen egoera aztertu da.
