Harremanak, bakardadea eta zaintza pintxo-potean
BIBErlazioak egitasmoaren barruan, Pintxo-Topa topaketa egingo dute hilaren 23an (osteguna) BIBEtokin.
BIBE egitasmoaren barruko saio bat BIBEtokian. BIBErlazioak prozesuaren barruko topaketa antolatu dute horren barruan diren eragileek, berezia gainera: Pintxo-Topa. Hilaren 23an (17:30) eta BIBEtokian (Zubitxo kalea, 21) harremanen, bakardadearen edota zaintzaren gainean hitz egiteko bilgunea izango da, modu lasai eta atseginean, pintxoekin, gai horiei buruz hitz egiteko. Herriko tabernek prestatutako mokadutxoak Lezon zaintza sarea eratu eta belaunaldiarteko harremanak indartzeko topagunearen zati izango dira. Beste zatia, herritarrak: lezoar denei zuzendutako topaketa da. Hilabetero errepikatuko dute Pintxo-Topa.
Lezoko Udalak bultzatutako egitasmoa da BIBErlazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, eta Bitar-bask Euskal Bitartekaritza Elkartearen dinamizazioa. Hala, Pintxo-Toparekin hilabetean behin, modu informalean eta mokadutxo batekin, “gure bizitzaren, zaintzaren, herriko baliabideen eta askoz gehiagoren inguruan hitz egiteko gune hurbil bat sortzea” da asmoa, udalak adierazi duenez: “Lezon etorkizunean nola bizi nahi dugun elkarrekin erabakitzeko, eta ekintzak nahiz aldaketak proposatzeko eremu izango da. Saioetan jasotako ekarpenak Zaintza Mahaian aurkeztu eta Lezoko Udalak eguneroko lanean eta zaintza politikak garatzerakoan kontuan izango ditu”.
Zaintzan arreta berezia jarri du udalak BIBErlazioak garatzeko orduan: “Gaur egungo testuinguru sozialean, gero eta agerikoagoak dira zaintza lanen antolaketa, familien gainkarga eta arduren banaketa desorekatuari lotutako erronkak, azken hauek, gainera, bereziki emakumeengan eragiten dute. Etorkizunari begirako ikuspegi kolektiboa lantzea ezinbestekoa da zaintza sistema eraginkor eta inklusiboa lortzeko”. Beraz, Pintxo-Topa herritar orori zabalik den bilgunea dela adierazi du udalak, adin tarte guztietako herritarrena, izan norbanako edo eragileetako kide.
Gaiari buruzko informazio gehiago behar duenak 621 15 66 04 telefono zenbakira dei dezake, baita egitasmoaren posta elektronikora idatzi ere.
