Kiroldegien lizitazioa hutsik gelditu dela esanda, kezka azaldu du PSE-EEk
"Kudeaketa kolapsoa" egoeran dela udalerriko kontratazioa esan du alderdi sozialistak.
Palencia sozialisten eleduna, Galtzarabordako kiroldegi aurrean.PSE-EE Kezka azaldu du alderdi sozialistak. Oraingoan udalerriko kiroldegien lizitazioa izan du hizpide alderdi horrek. Azaldu duenez, hutsik gelditu da lizitazioa, eta “oso larritzat” jo du egoera: “Kontratazioa kudeaketa kolapso egoeran dago. EH Bilduk huts egin du kontratazioan, azken urteetan egonkortasuna eskaintzeko gaitasunik ez du eduki, eta orain inork ez du kiroldegien zerbitzua kudeatu”.
Kiroldegiena ez dela “puntuala” gaineratu dute, “inprobisazio eta kudeaketa exkaxaren urteetako ondorio baizik”. 2021era atzera egin du alderdi sozialistak, “orduan ez zen enpresarik aurkeztu, behartutako luzapena onartu behar izan zuen udalak, eta ondoren Oarsoaldearen bidez kudeaketa bere gain hartu, diru publikoan eragin handia izanik”.
Bost urte pasata, egoera bere hartan dagoela uste du alderdi sozialistak, eta gogor salatu du “EH Bilduren eredua”, PSE-EErentzat ez baita egokia. Gainera, kiroldegien “hondatzea” jarri du lehen lerroan: “Udalaren datuen arabera, 2019an 12.862 abonatu zituzten udal kiroldegiek, eta 2025ean 11.049; %14,1eko jaitsiera. Kudeaketa txarrak eragin zuzena du”.
Kudeaketa “exkaxa” hori beste zerbitzuetan ere ematen ari dela gaineratu dute sozialistek, “behartutako luzapenak ohiko bihurtu dira, garbiketan edota garraio zerbitzuan adibidez”.
