Organikoaren edukiontziak berritzen ari da udala
Iniziatibaren helburua da hondakin organikoen bilketa sistema hobetzea, herritarrei erabilera errazteko eta zerbitzuaren eraginkortasuna handitzeko.
Pasaiako Udala, San Marko Mankomunitatearen elkarlanean, udalerriko hondakin organikoen edukiontzi guztiak berritzen ari da. Iniziatibaren helburua da hondakin organikoen bilketa sistema hobetzea, herritarrei erabilera errazteko eta zerbitzuaren eraginkortasuna handitzeko.
Edukiontzi berriek diseinu ergonomikoagoa dute, irisgarritasuna bermatzeko hobekuntzak barne, eta erabilera intuitiboagoa ahalbidetzen dute. Horrez gain, itxiera sistema eguneratua dute, usainak eta intsektuen agerpena murrizteko ets ingurune garbiagoa eta atseginagoa sortzeko.
Honakoa adierazi du Iraitz Pazos Ingurumen eta Zerbitzu eta Mantentze lanetako zinegotziak edukiontzi berrien gainean: “San Markorekin elkarlanean egiten dugun egitasmoa da, zerbitzua etengabe hobetzeko helburuarekin. Edukiontzi berriak irisgarriagoak eta erabilerrazagoak dira, eta espero dugu horrek oraindik birziklatzen ez duten bizilagunen erabilera sustatzea, eta egun erabiltzaile diren horiei erraztasun gehiago ematea”.
Orotara, 65 edukiontzi baino gehiago berritu dira lau barrutietan, eta horretarako 80.000 euro inguruko inbertsioa egin da. Iniziatiba hori azken urtean martxan jarritako hondakinen sailkapenerako estrategiaren barruan kokatzen dela adierazi du udalak. Estrategia horren helburua da birziklatze tasak handitzea eta hondakinen bereizketa egokia sustatzea.
Pazosek baietsi du hobekuntza horiekin udalak aurrerapauso bat eman nahi duela zerbitzuen kalitatean, batez ere hondakinen bilketan: “Pasaia gero eta herri garbiagoa, jasangarriagoa eta arduratsuagoa izateko bidean kokatzen dugu, hori baita batera garena”.
