"Enpresaren eta langile guztien interesak zaintzen jarraituko dugu"
Hartzekodunen konkurtsoan sartu da Papresa, eta hiru enpresa taldek erakutsi dute interesa. Langileen batzordeak adi jarraituko du prozesua, "lanpostuen %100 mantentzea exijituko dugu, eta lan baldintzak errespeta daitezela".
Papresako langileak, gaur. Hartzekodunen konkurtsoan sartu da Papresa. Atzo jaso zuten horren jakinarazpena langile batzordeko kideek Donostiako merkataritza arloko epaitegitik. hartzekodunen konkurtso prozesuaren barruan, berriz, erosketa proposamen lotesle bat aurkeztu dela ere jakin dute. Hirugarren enpresa batek ere azaldu omen duela interesa Papresa erosteko esan du Martin Otamendi LABeko kide eta Enpresa batzordeko presidenteak—LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute—.
Gaur bertan elkarretaratzea egin dute langileek Papresa enpresaren sarreran, baita egoeraren gaineko balorazioa ere batzordeak. Ezinbestekoa jo du enpresaren jardueraren jarraipena bermatuko duen eta lanpostuak babestuko dituen irtenbide bat aurkitzea. Bide horretan, prozesuan parte hartzen ari diren hainbat eragilerekin harremanetan egon dela azaldu du enpresa batzordeak, “CL Cristian Lay eta erosketa proposamena aurkezteko borondatea azaldu duen euskal enpresa sozietate batekin”. Horrek agerian utzi duela Papresari jarraipena emateko aukera bat baino gehiago daudela jarri du nabarmen batzordeak.
Industria alternatibak aztertzen ari izatea positibotzat jo du, bestalde, baina tentuz mintzatu da horietaz, “ez baitago gaur gaurkoz ordezkaritza sozialarekin inolako akordiorik, proposamen horiei lotutako lan baldintzei, soldatei eta enpleguari dagokionez”. Ideia horretan sakondu du Otamendik gaur eguerdian enpresa sarreran egin duten elkarretaratzean, “bilera batzuk izan ditugu Precoan —lan gatazkak konpontzeko zerbitzua— eta hasiera batean unitate bakarra nahi bazuten ere, kartoia egiten duen unitatea, 5. makina, eta seigarren makina ixteko intentzioarekin, asmoa aldatu dutela dirudi. Erakutsi diegu prentsa mundua errentagarria dela, etorkizuna duela, eta bi makinak martxan mantentzeko asmoa azaldu dute. Bilera horietan ez dugu hitz egin ez langileen baldintzez, ez langile kopuruaz, proiektu industrialaz aritu gara”.
Langile batzordearen bidea argi utzi du Otamendik, “gu gurean mantenduko gara, lanpostuen %100 mantentzea exijituko dugu, eta lan baldintzak errespeta daitezela”.
Berri ona dela une honetan Papresaren gaineko interesa hiru enpresa taldek azaldu izana sinistuta azaldu da Otamendi, “talde industrial euskaldun batek interesa azaldu du, baina diskrezioa eskatu digu; esperantzagarria da hori. gero jaso dugu baita ere informazioa, hirugarren talde bat ere aurkeztuko ote den, eta hori horrela, badirudi gutxienez hiru enpresa talde aurkeztuko direla hartzekodunen konkurtsora. Zenbat eta aukera gehiago eta txukunagoak, orduan eta itxaropen handiagoa”.
Hori horrela, “prestutasuna” azaldu du langile batzordeak “inplikatutako alde guztiekin elkarrizketan jarraitzeko, tartean, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, prozesu honetan zeregin aktibo eta arduratsua har dezaten, industria proiektuaren jarraipena eta enpleguaren babesa bermatuko dituen irtenbide bat errazteko”.
Konpromiso irmoa gaurko elkarretaratzean langileen batzordeak, orain arte bezala, Papresako langile guztien interesak eta enpresaren interesak zaintzen jarraitzeko, “enpleguaren eta enpresaren etorkizun industrialaren alde erantzukizunez eta irmotasunez jardunez”.
Orain arte bezala protestak egiten jarraituko dute Papresako langileek lantegi aurrean; astearte eta ostiraletan elkartzen dira bertan 12:00etatik 16:00etara: “Bi hilabete bete ditugu protesta hauek egiten, mantendu egingo ditugu konkurtso prozesura bukatu arte. Akordio batera iritsiko ez bagina behin hori bukatuta, edo alde soziala ez bada errespetatzen, jauzia egingo dugu mobilizazioetan, eta gogortu”.
Jasotzen ari diren babesa eskertu nahi izan du Otamendik Papresako langileen izenean. Elkarretaratze bitartean pila bat dira ondoko errepidetik pasatzerakoan bozina jo eta animoak helarazten dizkietenak; joan den martxoaren 17ko greba orokorrean ere arratsaldeko manifestazioan txaloka hartu zituzten Papresako langileak eta zaharren egoitzetako langileak—horiek ere borrokan ari dira lan baldintza duinak eskatzeko—, “eskerrak eman nahi dizkiogu herriari. Jakin badakigu halako industria batek zein eragozpen sortzen dituen, egungo egoeran gainera, ekonomikoki ondo ez bazaude, zaila da konpontzen. Hala ere herritar eta eragile askoren babesa jasotzea oso hunkigarria izaten ari da”.
Ondoko bideoa, Imanol Saiz Gomez de Segurak egin du.
