«Ertzetan diren kantak eramaten ditugu oholtzara»
Lehen lan luzea kaleratu du musika taldeak. Euskal kantutegia berreskuratzea du helburu behinena taldearen atzean dagoen bederatzikoak, estilo nahasketa eta kutsu propioa jarrita.
Genis Muñoz eta Ixak Oiartzabal, taldeak kaleratu berri duen diskoa eskutan.Imanol Saiz Gomez de Segura Peppermint Sextet taldeak bere lehen lan luzea kaleratu berri du. Zuzenean grabatu zuen joan den abenduaren 28an Pasai Donibaneko Bixi Bixi elkartearen Kultur Aterpean. Seikotea dute izenean, baina taldean bederatzikoa ari da: Maialen Lopez (ahotsa), Ion Pombar (teklatua), Ixak Oiartzabal (saxofoia, zeharkako flauta eta alboka), eta Gabi Hernandez (gitarra) lauak oreretarrak; Genis Muñoz (kontrabaxua eta ahotsa) pasaiartutako oiartzuarra eta Asier Llordes (perkusio latinoa) trintxerpetarra; Izaskun Gonzalez (tronpeta) irundarra; Eider Ormazabal (ahotsa eta xekerea) lasartearra; eta Gaizka Ayastui (tronboia) debarra. Diskoan kolaboratzaile izan dituzte Patri Arozena (panderoa) eta Mikel Potzo (alboka).
Fusioa da Peppermit Sextet, handik eta hemendik hartu, nahastu eta euren ukitua emanda lortutako doinu eta kolore eztanda; argi azaltzen du hori taldeak egiten duenaren gaineko bere buruari jarri dion definizioak: euskal latin jazz ska project gisa izendatu dute euren estiloa. Lehen lan luzea dute honakoa, aurretik bi EP kaleratu ditu taldeak, eta hamaika emanaldi ditu soinean; beteranoak dira oholtza gainean. Musikarekiko duten maitasuna ageri-agerikoa da. Musikarekin gozatu eta gozaraztea eta euskal musika berreskuratzea, helburu behinenak.
Taldeaz, kaleratu berri duten lanaz eta aurretik duten bideaz mintzatu dira Oiartzabal eta Muñoz Hitza-rekin.
Lehen lan luzea argitaratu berri duzue, Bixi Bixi Pasai Donibane zuzenean.
Ixak oiartzabal: Aurretik bi EP eginak ditugu estudioan grabatuta, baina konturatu ginen ez genuela zuzeneko baten grabaziorik erakusteko egiten duguna. Estudioan beti gezurra badago, egiteko aukera ikusi genuen, eta abenduaren 28an Bixi Bixi elkartean kontzertua genuela baliatu genuen. Lagun sarea martxan jarri genuen, auzolanean egina delako. Imanol Facundo soinu teknikariak baiezkoa eman zigun, eta aurrera egin genuen.
Fusioa eta nahasketak, euskal kantutegiko kanten bertsioak. Zein estilotan kokatzen duzue zuen burua?
Oiartzabal: Euskal latin jazz ska project gisa izendatu dugu taldea; hor sartzen gara, oso ongi azaltzen du gure estiloa. Denak musikazaleak gara, ni aspalditik herri musiketan nahikoa aritua naiz, baina lehenago musika beltzaren inguruan ere. Kantutegia sortzen eta lotzen goaz, eta gauza handia lortu dugu: ertzetan diren kantak ikuskizun berberean jotzea. Jendeak ikaragarri gozatzen du.
Genis Muñoz: Abeslariei begira ere ari gara moldatzen doinuak. Nik rock, blues eta jazzetik edaten dut eta taldean musikarekin nahasketak egiten ditugu. Gure helburua, taldearen hastapenetik, euskal kantak berreskuratzea izan da, gure kutsua jarrita. Benito Lertxundi, Mikel Laboa edota Oskorriren kanta bat entsegura ekarri eta bahetu egiten dugu, gure ukitua emateko. Hori da gure helburu behinena.
Laukote gisa hasi eta egun bederatzi zarete; diskoan 11 lagun aritu zarete. Ez du erraza behar denen gustuak bateratzea.
Oiartzabal: Haizezko sekzioa dugu, gaitasuna badugu inprobisazioak egiteko xumean bada ere. Perkusio latinoak kutsu etnikoa ematen du, eta ahotsetan Maialenek [Lopez] eta Eiderrek [Ormazabal] duoak egin eta euskal kantutegia interpretatzeko gaitasun handia dute. Hori guztia baliatzen dugu, eta nahiko modu naturalean egiten dugu.
Muñoz: Horrekin batera emanaldi bakoitza dibertigarria egiten saiatzen gara.
Oiartzabal: Zer eskaini nahi dugun eta aurrean zer nahi dugun aurkitu ere hausnartzen dugu. Duke Ellingtonek jazz eta swinga egiten zuen, eta swinga dantzatu egiten da; gurean kosta egiten da dantzatzea. Egiten dugun musikarekin jendea, pixka bat bada ere, mugiarazi nahi dugu, alaitasuna egon dadila.
Talde beteranoa zarete. Zein alde ikusten dituzue hasi zineten garaietatik gaur egunera arte? Aldaketa handia sumatzen duzue al zuen zuzenekoetan?
Muñoz: Bai, alde ikaragarria. Hasiera hartan entzuteko musika egiten genuen gehienbat, instrumentala. Orain dibertigarria izatea ere bilatzen dugu, jendeak gurekin feedback-a izan dezan. Zaila da erromeri kutsu gehiegi ez hartzea, muga bat badagoelako. Hala ere, erromeriaren antza izatea ez litzateke arazoa niretzako. Musikarekin disfrutatzen dut, eta gure emanaldietara datozenak ere disfrutatzea nahi dut. Oholtza gainean alaiago ibiltzen gara.
Zuen plaza gustukoenak?
Oiartzabal: Asko jotzen dugu tabernetan, baina txiki gelditzen zaizkigu. Herriko jaietan era aritzen gara, baina hala ere, uste dut leku naturalak, adina gorabehera, gaztetxeak liratekeela espazio artistiko gisa. Egun, baina, beherakada handia izan dute, gero eta gutxiago gelditzen dira bizirik. Herriko jaiak eta antzokiak, horiek ditugu gustukoen. Iaz Piratetan izan ginen Trinitate plazan, madalenetan ere bai… 20 bat emanaldi egin genituen eta aurten ere horrela izatea aurreikusten dugu. Aurten Gasteizen eta Zarautzen ere izan gara jotzen. Zabaldu egin nahi dugu. Herri jaialdi kutsua duten horiek sari modukoak dira guretzako, Kilometroak, Korrika, EHZ festibala… Horietan aritzea handia litzateke.
Musika modu politizatuan ulertzen dugu, musika tresna gisa ikusten dugu egon daitezkeen egoerak salatzeko; kultura politika gabe ez dut ulertzen.
Muñoz: Hala da, egiten dugun orok eragina du, horregatik gure kantutegian kantu asko euskaraz dira, eta emakume-gizon arteko parekidetasun hori taldera ere eraman dugu, saiatu gara. Horretaz aparte, gure saioak moldatzen ditugu lekura arazorik gabe. Tamalez ez dago leku apropos nahikorik emanaldiak egiteko. Tabernetako terrazetan, antzokietan… hor eroso aritzen gara.
Zuzenekoa grabatzea zaila izan da?
Muñoz: Aurreko lanak ere zuzenean grabatuak dira, estudioan egin baditugu ere; denok batera grabatu dugu eta ez pistaz pista.
Oiartzabal: Aurreko diskoa jazzeroagoa da, eta jazz kutsu hori errazago lortzen da denek elkarrekin jota; rocka, popa, funkya sekzioka grabatzen dira. Estudioan bi edo hiru aldiz errepikatzen duzu kanta bakoitza, eta gero hoberen dagoena aukeratu. Oraingoa zuzen-zuzenekoa izan da. Laguntza izan dugu, espazioa erabiltzeko asteburu osoa eskaini ziguten eta denboraz aurretik muntatu, soinua probatu eta lasai aritzeko aukera izan genuen. Beste kontzeptu bat da, ezberdina.
Muñoz: Emozionalki asegarriagoa izan da niretzat zuzeneko hau, eta hori posible izan da teknikoei esker. Grabazio osteko estudioko lana handia da, gure kasuan lagunartean egin dugu, auzolanean.
Oiartzabal: Lagun artean egin dugu eta lagunak galdu gabe, hori oso garrantzitsua da [barrezka].
Zuen kantarik bada, edo denak dira bertsioak?
Oiartzabal: Fri Fra kunbia Mikel Potzorena da, baina zeharo aldatuta dago. Hasierako kanta ere, Melbourne ska, moldaketa bat da, eta gainontzekoak bertsioak dira, euskal kantuenak. Manu Dibangioren Soul Makossa kantan letra aldatu dugu. Moldaketak egiten ditugu, batzuk zeharo aldatzen ditugu. Aurreko diskoetan ditugu gure kantak, honetan ez.

Peppermint sextek taldeko hainbat kide. Argazkia: Imanol Saiz Gomez de Segura
Euskal musika, zein uste duzue dela gaur egun bizi duen egoera?
Oiartzabal: Futbolarekin alderatuta esango nuke, kirol horretan lehen maila, bigarrena eta hirugarrena ere badaudela, eta musikan, ordea, ez da zoritxarrez halakorik; euskal musikan, are gutxiago. Oinarrian jende pila dago, baina oso ezkutuan. Denok entzuten ditugunak antzekoak dira, goi mailan monokultibo hori oso txarra da. Tarteka ateratzen da bateren bat, baina bultza egiten dituzte, medioak erabiltzen dituzte, nahikoa bideratuta dagoela esnago nuke. Oinarrian lan pila dago, baina ez da ezagutzen, ezkutuan gelditzen da. Talde batekin agian 30 emanaldi egiten dituzu urtean eta pentsatzen duzu jendeak ezagutzen zaituela, baina ez da horrela, ez zaitu inork ezagutzen. Tio Teronen Semeak dantza taldea denok ezagutzen dugula dirudi, baina badago jendea ez dakiena zer den, eta horiek baino lan handiagoa ez dakit zein taldek egin duen Euskal Herrian; horrekin zera esan nahi dut, normala dela jendeak gu ez ezagutzea.
Muñoz: Talde eta musikarientzat espazioak falta dira nire ustez, erakutsi ahal izateko zer egiten dugun. Donostian ez dago espazio bat, Dabadaba dago, Mogambo… Baina beste areto askorik ez dago, ez dago kulturarik astero kontzertuak antolatzekoa. Errenteria-Oreretan Oarso Musika elkartea dugu, eta horiei esker ari dira mugitzen gauzak. Taberna zirkuiturik ez dago Gipuzkoan, gaztetxeak desagertzen ari dira, eta zirkuitu hori ere desagertzen ari da.
Oiartzabal: Herrika begiratuz gero, Tolosan Bonberenea eta hiru taberna badira; Oreretan Cyne Reyna izan da, baina gaur egun, herria nahikoa hila dago, tabernek debekatuta baitute jaietatik kanpo kanpoaldean emanaldiak antolatzea, igande eguerdia izanda ere. Festak behar dira aukera izateko, eta horrek bideak ixten ditu.
Haizeek garrantzia handia dute zuen taldean.
Oiartzabal: Haizeek taldeari ematen dioten kolorea gure indarguneetako bat da. Horrek eskatzen du gaitasuna konponketak egiteko eta jotzeko garaian. Musikari gisa, jantzita egon behar duzu. Haizeena ikaragarri gustatzen zaigun elementua da. Beren espazioa izan behar dute talde batean, konplizitatea lortu behar dute elkar ulertzeko, oinarri erritmikoak behar duen bezala, eta oso atsegina da. Izaskun [Gonzalez] taldeko tronpeta jotzaileak lehenengo esperientzia du instrumentua jotzen talde batean, eta oso pozik dago.
Muñoz: Zorte handia dugu Ixak daukagulako, lan ikaragarria egiten du konponketekin. Pazientzia handia du gurekin, eta lan potoloa egiten du.
Zergatik joan behar da Peppermint Sextet taldearen kontzertu bat ikustera?
Oiartzabal: Youtubeko gure kanalean ari gara zintzilikatzen grabatzerakoan egindako bideoak, eta bertan ikusten da zein festa sortzen dugun, zein giro jartzen dugun. Munduko mapa jarriko bagenu, herri bakoitzak bere musika mota duela ohartuko ginateke; niretzako oinarria Afrika da, eta handik kultura mugitu denean, heldu den beste leku horietan beste hainbat musika mota sortu ditu. Oinarrian Afrika jartzen dut, eta zelta kutsua ere, herri musikak oso garrantzitsuak dira.
Gure saioan hori dena aurkituko du joaten denak: hasi, kalejira jazzistiko batekin hasten gara, egiten ditugu hainbat kantu jazz kutsukoak, jazz estandarreko kantu oinarrizko batzuk: Basin Street Blues [Louis Armstrong], Work Song [Nat Adderley] tartean. Ondoren euskal kantutegian sartzen gara, albokarekin kanta pare bat egiten ditugu eta horrekin jendeari eman diozu jada zartakoa. Bukatzeko ska musikara jotzen dugu: The Skatalites, The Specials, Monkey Man…Guk asko entzuten genituen festa giroan doinu horiek, eta horren errudunetako batzuk, Negu Gorriak eta Kortatu dira.
Saioa bukatzeko, Agure zaharra eta halako kantetara jotzen dugu, eta emanaldia bideratzen dugu errumaniar kutsuko ijitoen musikarantz. Joko horretan gabiltza, guretzako atsegina da, gozatzen dugu, eta jendeak ere disfrutatzen du.
Muñoz: Maialenen [Lopez] ahots zoragarria dugu; bere lekua bilatzen ari da, eta Eiderrek [Ormazabal], taldera iristen azkenak, gaitasuna izan du duoak egiteko. Lan itzela egiten ari dira.
Nola eskura daiteke CDa?
Oiartzabal: Gurekin harremanetan jarrita edota kontzertuetara hurbilduta. 10 euroan dugu salgai. Zergatik erosi behar den nahiz eta CD irakurgailurik ez izan? Bada gauza fisiko bat, ukitu ahal den zerbait izatea garrantzitsua delako. Diskoa eros daiteke BandCamp plataformaren bidez ere bai. Garrantzitsua da artistei estaldura modukoa emateko, babesteko. Diskoa egiteko diru inbertsio bat egin dugu eta salmentan lortutakoarekin itsulapikoa bete nahi dugu beste bat egiteko.
Iaz egindako emanaldi kopurua aurreikusi duzue aurtengorako ere. Kontzerturik joko duzue hemen inguruan?
Muñoz: Igandean Arraguako Alhambra tabernan dugu emanaldia, maiatzaren 9an Lasarteko Jalgi tabernan joko dugu, Tolosako Hiru tabernan maiatzaren 24an, ekaineko azken asteburuan Villabonako Xurrut tabernan, eta Altzibarko jaietan ere izango gara buelta horretan. Udarako emanaldiekin hasiko gara gero: madalenetan Indiorocken joko dugu, eta Aste Nagusian Piratetan ere joko dugu, Donostian. Horiek batzuk.
Oiartzabal: Proposamen gehiago ere jaso ditugu jotzeko, baina hainbeste taldekide izanda zaila izaten da agenda bateratzea. Hala ere gure kontzertuen berri izateko Youtube kanala dugu, baita Faceboock eta Instagram kontuak ere. Whatsapp taldea ere badugu, eta bat eginda informazio guztia jaso daiteke. Gure proiektua zeharo lotuta dago musikarekin dugun harremanarekin, musika maite dugu, eta lotura handia dugu herriarekin.
