Hilketa bat Herri Olinpiadetan
Lezoko Herri Olinpiaden bigarren jardunaldia egingo dute bihar (larunbat) taldeek. Pista jolasa egingo dute, herrian zehar.
Martxoaren 14ko lehen jardunaldiaren irudi bat. Lezoko Herri Olinpiaden bigarren jardunaldia bihar (larunbata) izango da. Misterioz eta intrigaz betetako eguna izango da, izena emana duten taldeek hilketa bat argitu beharko dutelako pista jolas baten bitartez. Nork hil du Ihintza izeneko lezoarra? Hori taldekideek argitu beharko dutena. Ikerketa lana hobekien egiten duena, irabazle.
Antolakuntzak taldekideei esan die 11:00etan Gezala Auditoriumean biltzeko. Han, jolasaren lehen nondik norakoak argitzeko antzezlana izango da, eta 11:30ean hasiko dira pistak biltzen hilketaren erruduna nor den argitzeko. Ordu eta erdi inguruko ikerketa lana egin eta gero euren erantzunak konprobatuko dituzte epaimahaiko kideek, eta benetan gertatu dena azaltzeko beste antzerki bat egingo dute.
Eguna, ordea, ez da jolasarekin bukatuko. Izan ere, 14:30an Bazkari Autogestionatu Olinpikoa egingo dute Karlos Saldise plazan Txirbilarekin elkarlanean, eta ondoren, zumba saioa (17:30) eta elektrotxarangarekin kalebuelta (19:00) egingo dituzte.
