Zinema estudio handi bat izango da Lezo astelehenean
'Paris is always a good idea' telesailaren hainbat pasarte grabatuko dituzte astelehen osoan zehar. Herriguneko hainbat eremutan oinezkoek eta ibilgailuek mugak izango dituzte.
Gurutze Santuaren plaza izango da grabaziorako guneetako bat. Paris is always a good idea telesailaren hainbat pasarte grabatuko dituzte astelehenean (hilaren 27an) Lezon, ia egun osoan zehar. Zinema estudio handi bat bilakatuko da Lezo beraz, horrek dakarren azpiegitura guztiarekin. Hala, herriguneko kaskoko hainbat eremutan izango direnez grabazioak, horien erabileran herritarrek mugak izango dituztela ohartarazi du Lezoko Udalak. Gurutze Santuaren plazan, Donibane kaleko iturrian, eta Goiko Plazan izango dira grabazioak.
Oinezkoen eta ibilgailuen artean izango dute batik bat eragina erabilera muga horiek. Ez dira etengabeak izango, baina une jakinetan hainbat eten eta mozketa izango direla iragarri du Lezoko Udalak. Honakoak dira:
- Gurutze Santuaren plaza: 13:30etik 18:00ak arte ibilgailuek ezingo dira bertatik pasa, eta oinezkoen joan-etorriak tarte laburretan (4-5 minutukoak) etengo dituzte.
- Donibane kaleko iturria: 19:00etatik 21:00etara egingo dituzte han grabazioak, eta une jakinetan oinezkoen nahiz ibilgailuen zirkulazioa etengo dute.
- Goiko Plaza: 06:00etatik, astearte goizaldeko 01:30ak arte hango aparkalekua itxita izango da. Hango grabazioak 21:00etatik 00:00etara egingo dituzte, eta beraz, tarte horretan oinezkoen joan-etorriek tartekako etenak izango dituzte. Une batzuetan argiteria publikoa itzaliko da herriko gune horretan, baita inguruko eraikinetan ere.
- Arraitoki: bertako aparkalekuan hainbat plaza erreserbatuko dira grabaziorako etorriko diren ibilgailuentzat, 06:00etatik aurrera.
Udaltzaingoak aurrez ezarriko ditu beharrezkoak diren informazio seinale guztiak, eta bandoa ere jarriko du sotoetan informazio guztiarekin. Hala ere, argibide gehiago izateko Udaltzaingoarekin harremana egitea (943 52 40 03) besterik ez da. Lezoarrei “ulermena eta lankidetza” eskatu die udalak grabazio horrek sor ditzakeen eragozpenengatik.
