Herri Arte Eskolak maiatzaren 1etik 10era izango du zabalik matrikulazio epea
Bost diziplinetan 50etik gora ikasgai eskainiko ditu adin guztiei zuzenduta.
Herri Arte eskolako kideak Iñaki Queralt zinegotziarekin batera. Ostiralean, maiatzak 1 zabalduko du matrikulazioa egiteko epea Herri Arte Eskolak. Gaur egin dute agerraldia Iñaki Queralt zinegotziak, Beñat Ralla eskolako zuzendari pedagogikoak, eskolako arlo administratiboko beste bi kidek lagunduta. Eskaintza, zabala, oso zabala Herri Arte Eskolak artearekin murgildu eta gehiago ikasi nahi dutenei begira; izan ere, 50tik gora ikasgai izango dira aukeran. Diziplinak, ondokoak: antzerkia, arte plastiko-ikusizkoak, dantza, hitza eta musika.
Hartzaileak adin guztietako pertsonak, eta prezioak berriz gaitasun ekonomikoaren arabera egokitzeko aukera; 8 urtetik aurrerako edonork eman dezake izena. Azken horretan arreta jarri nahi izan du Queraltek, “modu progresiboan eginda, norberaren errealitate ekonomikoa aintzat hartu eta Herri Arte Eskolan aritzeko eta ikasteko aukera guzti-guztien eskura jartzen baitu udalak”. Herri Arte Eskolako kuota orokorra 60 eurokoa dela jakinarazi du bide horretan, eta horiei izen emandako ikasgaien araberako tasa gehitzen zaiola. Matrikula tasak, norbere gaitasun ekonomikoaren arabera zehazteko eskaera egin beharko da —matrikula proposamena onartuta, utzailaren 7ra arte egin ahalko da eskaera hori—
Eskaintza osoa, zehatz, eskolaren web orrian kontsulta daiteke (klik hemen).
Haurrentzat berriz hastapen artistiko multidiziplinarra eskaintzen du Herri Arte Eskolak, “4tik 7 urtera bitarteko haurrei artean urratsez urrats murgildu eta diziplina eta aukera aniztasuna bereganatu eta lehen pausoak ematea ahalbidetzen die. Lehen bi urtean musika eta gorputza adierazpenaren bidetik, eta ondoko bi urteetan ahotsa-antzerkia eta arte plastikoak-ikusizkoak gehituz, astero diziplinarteko murgiltze aberatsa egiten dute”.
Ibilbide pedagogikoarn jarri du azpimarra Rallak. Izan ere, eskolak izaten dituzte baina hortik harago doa bat egiten duten ikasleen ibilbidea: “Eguneroko jardunean ez ezik proiektu, elkartrukeetan, eta kanpo jardueretan ere oinarritzen da eskolaren proiektua. Horrela, eragile, erakunde, eta gonbidatuekin harremana eta saretzea sustatzen da eta lurraldea jorratu”.
Besteak beste, hainbat jaialditan parte hartzen dute, artista ezberdinekin aritzen dira eta zuzeneko ikuskizun eta aurkezpenetara joaten dira.
