dbAzoka berrikuntza topaketa izateko bokazioarekin dator
Maiatzaren 7an egingo du Don Bosco Lanbide Heziketa institutuak azoka, Lekuona Fabrikan.
TdbAzoka, herritarrentzako berrikuntza topaketa ondu du Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxeak; maiatzaren 7an izango da, ostegunarekin, 17:00etatik 19:00etara Lekuona Fabrikan. Azoka hutsetik harago, bisitariek SATEAM jarduerak —zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika— zein ikasleek garatutako proiektuak lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute.
Berrikuntza gisa, mahai ingurua antolatu du ikastetxeak, «ekitaldiaren indarguneetako bat izango da». Horretan ikasle ohiak eta punta-puntako Oarsoaldeko Salva eta Uvesco enpresak izango dira hizlariak, gaia berriz, gaur egungo lan merkatuaren erronkak, ikuspuntu ezberdinetatik landuak.
Jardueraren helburua, Don Boscon garatzen dituzten berrikuntza proiektuak gizarteratzea da.
