Mugi txartelak turismo bulegoetan eros eta karga daitezke
Pasaiako eta Errenteria-Oreretako turismo bulegoetan eskura eta bete daitezke garraio txartel ez izendunak.
Oarsoaldea Garapen Agentziak adierazi du Errenteriako eta Pasaiako turismo bulegoetan Mugi garraio txartel izengabeak erosteko eta kargatzeko aukera izango dela aurrerantzean; izendunen kasuan, horiek ere diruz bete ahal izango dira bulego horietan. Hala, bai bisitariek zein bertakoek eskualdean garraio publikoa erabiltzeko erraztasun handiagoa izango dutela esan du agentziak. Bide batez, Mugiren barruko kudeaketak egiteaz gaindi, eskualdeko turismo eskaintza ezagutzeko aukera izango dute kanpotik datozenek, eta bertakoek.
Errenteriako Turismo Bulegoa Madalen kaleko 3. zenbakian dago (943 49 45 21); Pasaiakoa, berriz, Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunean dago (943 34 15 56). Asteartetik larunbatera izaten dira zabalik biak ala biak 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 tarteetan; uztail eta abuztuan, berriz, egunero zabaltzen dituzte turismo azpiegiturak, 09:30-14:30 eta 15:30-18:30 artean.
Oarsoaldea Garapen Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Departamentuaren arteko lankidetzari esker egikaritu dute garraio txartelaren erabilera errazago egiteko aukera.
Mugi txartel anonimo edo izengabea erosteak 5 euroko prezioa du, eta kargak 5 euroko multiploekin egin behar dira (5, 10, 15…). Horiek Lurraldebusen barruko herri arteko autobusetan, Errenteria-Oreretako Urbanoan, Oiartzungo Xorrolan, Pasaiako motoran, topoan eta Renferen trenetan erabil daitezke, erabileraren araberako deskontu sistemarekin; lehen bidaiatik %60ko deskontua balia dezakete txartelaren jabeek.
