Kirol ekipamendu berria dute Pasaiako kiroldegiek
Kiroldegietako materiala zaharkitua zegoenez, udalak makina kardiobaskularren hornidurarako kontratua indarrean jarri du, ekipamendua hobetu eta mantentze-lan integrala egiteko.
Pasaiako Udalak Donibaneko eta Trintxerpeko kiroldegietako kirol ekipamendua berritu du. Iaz Donibaneko gunean zenbait makina, haltera eta disko eguneratu zituzten, eta, orain, berritasun gehiago sartu dituzte aipatutako bi eremuetan. Kiroldegietako makinak egunerokoan erabiltzen diren tresnak dira, eta horietako asko zaharkituta zeudela adierazi dute Julen Rodriguez Kirol zinegotziak eta Sara Dorronsoro Kirol teknikariak.
Pasaiako bi kiroldegiek “ekipamendu eguneratua eta erabilgarria” izateko helburuarekin, makina kardiobaskularren hornidura bermatu nahi izan du udalak. Horretarako, tresna kardiobaskularren hornidura lehiaketara atera zuen, renting edo alokairu zerbitzua baliatuz. Udalak dagoeneko makina kardiobaskularren hornidurarako kontratua indarrean jarri du, eta enpresa horrek kirol instalazioetako ekipamendua hobetu eta mantentze-lan integrala egingo du aurrerantzean.
Enpresa esleipendunak hilaren 20an eta 21ean instalatu zituen makina berriak, eta erabiltzaileek tresna horiek erabil ditzakete jada. Makinak instalatzeaz gain, zaharkitutakoak erretiratu egin dituztela baietsi dute Rodriguezek eta Dorronsorok, horiek “aparatu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruz indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatuz”. Hornidura, garraioa eta instalazioa, gainera, Pasaiako Udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailaren jarraibideak kontuan hartuta gauzatu dira. Egoera onean zeuden makina batzuk mantendu egin direla jakinarazi du Kirol teknikariak, ekipamendu berriaren osagarri izateko.
Instalatu berri diren makina kardiobaskularrak egokitasunez mantentzeko, enpresa arduradunak hilabeteroko azterketak egingo ditu, “zerbitzuaren kalitatea hobetzeko” asmoarekin. Enpresa horrek 12 azterketa egingo ditu urtean, eta horietako bakoitzean makinen motorrak, errodadura-zintak, sistema elektrikoak, bihotz-maiztasunerako sentsoreak, egitura, softwarea eta kalibrazioa errebisatuko dituzte. Honakoa esan du Kirol zinegotziak kiroldegietan instalatu duten kirol ekipamendu berriaren inguruan: “Kontratazioaren helburuak dira Pasaiako kirolguneetako egungo ekipamendu kardiobaskularra berritzea, zaharkituta baitago, eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzea, jarduera fisikoaren praktika segurua eta osasungarria sustatzeko”.
Kirol instalazio bakoitzean honako elementuak instalatu dira: 2 arraunketa-makina, korri egiteko 3 zinta, 3 eliptiko eta bizikleta bertikal eta etzan bana. Trintxerpen, gainera, halterak ere berritu dira, iaz Donibanen egin bezala. Orotara, 50 haltera berri jarri dituzte Trintxerpen, pisu ezberdinetakoak, eta baita horiek jasotzeko aparatuak ere.
Hizkuntza-eskubideak
Arraunketa-makinek izan ezik, gainontzekoek Screen Smart Focus pantaila interaktiboa dute instalatuta. Entrenamenduari buruzko informazioa eta bilakaera erakusteaz gain, sare sozialetara, Internetera, telebistara eta aplikazioetara konektatzeko aukera emango du. Oraingoz, Interneterako konexioa soilik aktibatu du udalak, eta horretarako sarea egokitu behar izan dela adierazi du Kirol teknikariak, zerbitzua eman ahal izateko.
Dorronsorok jakinarazi du plegu tekniko eta administratiboetan “hizkuntza-eskubideak bermatu” nahi izan dituela udalak. Bide horretan, betekizun bezala jarri zen aparatuen pantaila interaktiboek euskarazko bertsioa izatea. “Nabarmentzekoa da herritarrek hizkuntza (euskara nahiz gaztelania) aukeratzeko aukera izango dutela instalatuta dauden makina guztietako ukipen-kontsoletan, bai aginduak ematean, bai emaitzak jasotzean. Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko asmoz, udalak ezinbesteko baldintza gisa jarri zuen lehiaketan”, zehaztu du Rodriguezek.
