Kirola eta Oarsoaldea, udako bikotea
Uda 2026 kirol kanpaina aurkeztu dute eskualdeko lau udalek. Jarduera asko eta askotarikoak prestatu dituzte, tokian tokiko kirol eragileekin elkarlanean.
Irudian, eskualdeko udaletako Kirol zinegotziak: Leire Mazizior (Errenteria), Edorta Fernandez (Oiartzun), Eneritz Arruti (Lezo) eta Julen Rodriguez (Pasaia). Uda 2026 kirol kanpainaren berri eman dute aste honetan eskualdeko lau herrietako Kirol arloko zinegotziek: Leire Mazizior (Errenteria), Eneritz Arruti (Lezo), Edorta Fernandez (Oiartzun) eta Julen Rodriguez (Pasaia). Kirola eta Oarsoaldea bikote izango dira hamazazpigarrenez aurtengo hilabeterik epelenetan. Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaian landu dituzte aisia eta osasun fisikoa uztartzen dituzten jarduerak, eta kirol sail horietako arduradunek azaldu dutez, eskaintza handia eta askotarikoa da. Tokian tokiko udalen baliabideekin eta kirol eragileekin elkarlanean sortutako menu oso-osoa plazaratu dute. Haur, gazte eta helduentzako da eskaintza. Jardueren informazio fitxan (behean hara iristeko esteka) jakin daiteke saio edo jarduera bakoitza zein adin tarteri dagokion. Horietan izena emateko epea zabalik da; jarduera bakoitza antolatzen duen gune edo eragilearekin egin behar da harremana izena emateko.
Aurreko urteetan arrakasta handikoak izan dira prestatutako ikastaro eta jarduerak; aurten ere hala izango da. Kirola eta Oarsoaldea udako bikoteari, beste elementu bat erantsi behar zaio: euskara. “Kirola ere euskaraz egiteak duen garrantzia nabarmendu nahi dugu”, esan dute Kirol zinegotziek. Hala, 3-16 adin tartekoentzat atondu diren jarduera guztietan euskaraz aritzeko aukera bermatu dute.
Jarduera iraunkorren artean, itsasoarekin lotutakoak daude, hala nola paddle surfa, piraguismoa edo arrauna. Horiez gain padel hastapena, igeriketa, eskalada, tenisa, futbola, eskubaloia, boleibola, atletismoa, eta mahai tenisa daude hauta daitezkeen diren kirol jardueren artean. Horietako batzuk ekainaren 16tik irailaren 6ra arteko (epe horretan garatuko dira Uda 2026ko jarduerak) tartean era iraunkorrean egingo dituzte, herritarrek nahi duten txanda (hainbat astekoak izan daitezke) aukera dezaketelarik. Baina, badira hainbat jarduera puntual, aste bakarreko iraupena dutenak.
Edonola ere, informazio oso-osoa eskura izateko euskarriak prestatu ditu Oarsoaldeko Kirol Koordinazio Mahaiak. Hemen klik eginda lor daiteke informazio oso-osoa.
2030 Agendarekin bat eginez
Oarsoaldeko Kirol Koordinazio Mahaiak, Kirol zinegotzien bitartez nabarmendu du udan kirola egiteak osasun fisikoa eta emozionala hobetzen dituela; bizi-ohitura osasungarriak sustatzen dituela; bizikidetza indartzen duela; eta ahalegina, berdintasuna eta talde-lana bezalako balioak bultzatzen dituela. “Gainera, ibaiak edo mendiak bezalako ingurune naturalak gozatzeko eta zaintzeko aukera ematen du. Jarduera horiek 2030 Agendarekin ere bat datoz, bereziki osasuna eta ongizatearekin; kalitatezko hezkuntzarekin; genero-berdintasunarekin; hiri eta komunitate jasangarriekin; eta klimaren aldeko ekintza eta erakundeen arteko lankidetza sustatzen dituzten taldeen jardunarekin lerrotzen direlako.
