'Nirekin ere euskaraz!'-ekin, kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan
UEMAren kanpainak beste herrialdeetatik etorri eta euskara ikasten ari direnak ikusaraztea du helburu.
Hirugarrenez martxan du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina. Udalerri euskaldunetan kulturartekotasuna lantzeko xedez, beste herrialdeetatik etorri eta euskara ikasi edo ikasten ari diren herritarrak ditu oinarrian kanpainak. Horien aitortzarako egitasmoa da, “batetik edo bestetik etorri arren, denak bertakoak eta euskaldunak direla nabarmenduz”. Oarso Bidasoan UEMAko kide dira Hondarribia, Lezo eta Oiartzun.
Hamabi lagun dira kanpainaren irudi eta mami. Euskal Herritik kanpo jaio, baina UEMAn diren udalerrietan bizi dira horiek guztiak. Oarso Bidasoko kasuan, euskara ikasi edo ikasten ari diren ordezkari Dahye Kin lezoarra (Hego Korean jaio zen), eta Marta Abiy Abegaz hondarribiarra (Etiopian jaio zen) dira. Lekunberriko, Igorreko, Leitzako, Zumaiako, Ikaztegietako, Segurako, Aramtzako, Ondarroako, Aizarozko edo Gatikako herritarrek ere bat egin dute kanpainarekin.
“Euskaldunak dira Karelys, Dahye, Cauria, Aurora, Marta, Hamida, Bonavie, John Bryan, Marianela, Paula, Alejandra eta Loli. Kuban, Hego Korean, Saharan, Nikaraguan, Etiopian, Aljerian, Filipinetan, Kolonbian, Ekuadorren, Portugalen, Argentinan edota Hondurasen jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Lekunberri, Lezo, Igorre, Leitza, Hondarribia, Zumaia, Ikaztegieta, Segura, Arantza, Ondarroa, Basaburua eta Gatikan bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere hamaika Karelys, Dahye edo Bonavie ditugu gure artean, zorionez”, esan du UEMAk (ondoko kartelean daude haiek denak).
Kanpaina honen abiapuntua, UEMAk zehaztu duenez, Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek. “Herri horietako zenbaitek kezka adierazi zuten, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak jatorri eta kolore asko dituela eta azalaren kolorea edota hiztunaren jatorria askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du Egin nirekin ere euskaraz! kanpainak”. 2023an egin zen lehenengoz egitasmoa.
Kanpainari bultzada emateko hainbat euskarritako materiala prestatu du UEMAk, tartean direlarik kartela (ondokoa), bideo orokorra (behean dago), eta protagonisten banan-banakako ikus-entzunezkoak.
