Palestina eta Antxo batuko ditu Basarik
Palestinarekin Elkartasun Eguna antolatu du Antxoko Basari elkarteak maiatzaren 23rako. Egun osoko egitaraua ondu du, xede zehatzekin.
Basarik egunerako kaleratu duen kartela.Egilea: @gondart Palestinarekin Elkartasun Eguna antolatu du Antxoko Basari elkarteak maiatzaren 23rako. Egun osoko egitaraua ondu du, xede zehatzekin: Palestinako herriarekiko elkartasuna ez dadila eten, eta aldi berean, laguntza efektiboa ematea. Egunean zehar antolatu diren jardueretatik aterako den diru etekina Palestinako herriarentzat izango da, gurean diren palestinarren komunitateak bideratuko duelarik laguntza hori. Antxotarrak nahiz nahi duten denek elkartasun keinu batetik harago doan jarduera sortarekin bat egitera deitu ditu Basarik.
Hasteko eta behin, egitarauaren berri eman du elkarteak, honakoa da zerrenda:
- 11:30. Kalejira Ibaiondotik hasita.
- 11:30. Azokaren irekiera. Arropa erabiliaren postuak, Palestinako produktuekin postuak, eta Sol Band-en postua izango dira besteak beste.
- 13:30. Gure Zumardian, elkartasun ekitaldia eta Sol Band Palestinako musika taldearen emanaldia.
- 14:30. Gure Zumardian, bertso bazkaria Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsolariekin. Nagusien menua, 18 euro; txikien menua, 12 euro. Otordua Palestinako errefuxiatuek sukaldatua izango da. Tiketak honako tabernetan salgai: Dani, Txirin kantina, Axular, Mimos eta Izadi.
- Ondoren: lau saskiren zozketa. Zozketa horretan parte hartzeko tiketak euro batean daude salgai Antxoko hainbat taberna eta establezimendutan.
- 18:00. Gure Zumardian, Andoni Ollokiegiren emanaldia.
Elkartasuna
Egitarauaren barruan, goizeko azoka dago. Han, besteak beste, arropa erabiliarekin postuak jarriko dituzte jendeak eros ditzan. Salmenta horretatik ateratako dirua osoki Palestinako komunitatera bideratuko da. Azokarako, baina, arropa behar da: Basaritik deialdia egin diete herritarrei egoera onean den eta erabiltzen ez duten arropa Bekoz Beko elkartearen egoitzara (Zumalakarregi kalean dago) eraman dezatela, han jaso eta sailkatuko dutelako.
Bestalde, eguneko elastiko edo kamiseta ere prestatu du Basarik. Horiek nahi dituztenek aurrez erreserba egin behar dute: Antxoko hainbat tabernatan erreserba egiteko zerrendak daude jarrita, baina Internetez ere eska daiteke esteka hau baliatuz. Eskaerak maiatzaren 3ra arte (igandea) egin ahalko dira, eta behin elkartekideek jakiten dutenean zenbat elastiko egin behar dituzten, inprentara bidali, eta maiatzaren 21eko arratsaldean banatuko dituzte Gure Zumardian. 12 euroko prezioa dute kamisetek.
