Oiartzuarrek gogor erantzun dute Landarbaso Trailen
Oreretako mendiko lasterketan Ibon Odriozola eta Leire Urritegi izan dira irabazle. Giro bikaina izan da Urdaburu Mendizale Taldeak antolatutako lehian.
Emakumeen eta gizonen podiumetan izan direnak. Mendiko lasterketetan potentzia bat da egun Oiartzun. Intxixu Trail taldeko elastiko urdinak proba horien aurre-aurrean ikustea normal bihurtzen ari da. Gau hala izan da Errenteria-Oreretako Urdaburu Mendizale Elkarteak antolatu duen Landarbaso Trail mendiko lasterketaren seigarren ekitaldian: Ibon Odriozola Ibargurenek eta Leire Urritegi Getariak, biak ala biak oiartzuarrak, garaipena lortu dute hurrenez hurren gizonen eta emakumeen kategorietan. Nagusitasunez, gainera. Oreretako 18 kilometroko mendiko lasterketa Listorretan hasi eta bukatu da, beraz, oiartzuarrek ez zituzten oso urruneko bertako paraje, bidezidor eta maldak. Hala demostratu dute, gogor erantzun dute. 212 partaide izan ditu 2026ko Landarbaso Trailek.
Egun gozoa gaurkoa, goizean eguzkia nagusi, eguerdirako iluntzera egin du. 18 kilometroko lasterketa egiteko, agian, hezetasun gehitxo. Edonola ere, Urdaburuko antolatzaileek mimo eta lan handiarekin aste luzez prestatutako lasterketaren emaitza aparta izan da, ez soilik partaidetzari (dortsalak salgai jarri eta ordu gutxian agortu egin ziren) edo kirol arloari dagokionez. Listorreta aldean, eta ibilbidearen kilometro guztietan izan diren ikusleek xarma oso berezia eman diote probari. Gainera, etxena bezala sentitu dir ahandik eta hemendik iritsitako kirolariak, goxo. Hamarrekoa antolatzaileentzat.
Kirol arloan sakonduz, emakumeen kategorian, Ainhoa Arruti Loiarte urnietarra izan da bigarren, eta Iratxe Etxegoien Errandonea lezoarra hirugarren. Gizonetan, Ibon irabazlearen anaia, hau da, Mattin Odriozola Ibargurenek anaiaren ohe gainean ikusi beharko du txapela, bigarren izan baita; hirugarren postuan beste oiartzuar bat, hark ere gaurko txapel bat hurbil ikusiko du alafede: Iker Urritegi Getaria (Leire Urritegi Getariaren anaia da).
Jarraian, podiuma osatu dutenen zerrenda, Oreretako lasterkari onenena (haiek ere sari bana izan dute), nahiz Urdaburu Mendizale Elkarteko bazkide partaideen artean azkarren izan direnak (gazta eta ardoa haientzat). Beherago, sari banaketa ekitaldiko irudiak, lasterketa hasi aurrekoak, eta hainbat pasarteko bideoa. Sailkapen oso-osoa ikusteko baliatu esteka hau.
Emakumeen podiuma
- 1. Leire Urritegi Getaria (Oiartzun) 1.48.37
- 2. Ainhoa Arruti Loiarte (Urnieta) 1.52.31
- 3. Iratxe Etxegoien Errandonea (Lezo) 1.53.22
Gizonen podiuma
- 1. Ibon Odriozola Ibarguren (Oiartzun) 1.27.19
- 2. Mattin Odriozola Ibarguren (Oiartzun) 1.28.28
- 3. Iker Urritegi Getaria (Oiartzun) 1.30.38
Oreretar azkarrenak. Erkizia Saria eman diete, Asier Erkiziaren omenez.
- Emakumeen artean: Leire Juanbeltz Mitxelena 1.57.59 (laugarren izan da emakumeen sailkapen nagusian).
- Gizonen artean: Mikel Manuel Palomo 1.36.43 (bosgarren izan da gizonen sailkapen nagusian).
Urdaburu Mendizale Elkarteko bazkideen artetik azkarrenak
- Emakumeen artean: Lorea Etxeberria Mateos 2.00.08 (bosgarren izan da emakumeen sailkapen nagusian).
- Gizonen artean: Ibon Odriozola Ibarguren (proba irabazi du).
