Gasteizera deitu du Duintasunak
Ostegunean manifestazioa egingo du Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsioen osagarria Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino berdindu dezatela eskatzeko.
Duintasunaren protesta maiatzeko lehen astelehenean. Kalera atera da Duintasuna gaur, hileko lehen astelehenero egiten duen moduan. Elkarretaratzea baino ez du egin gaur, udaletxeko arkupeetan, eguraldia dela-eta, manifestazioa ez egitea erabaki baitute. Gaurko hitzordua, hortaz, ohi baino laburrago joan da deialdi argia eginda: ostegunean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizen deitu duen manifestaziora batzea.
Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gogorarazi nahi diote ezin dela gehiago atzeratu gutxieneko pentsioen osagarria LGS Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino berdintzeko konpromisoa: “Argi dugu EAJ-PSEren koalizio gobernuak eta kontrolatzen duten parlamentuaren gehiengoak eskaera horri kasu egingo diote soilik, gizartearen erantzun indartsu bat badute aurrez aurre”. Hori horrela, hilaren 7ko Gasteizkoa “mobilizazio garrantzitsua” izango dela jarri dute nabarmen: “Badakigu borrokan jarraitzeak bakarrik emango dituela fruituak”.
08:30ean abiatuko da autobusa Errenteria-Oreretatik eta izena eman daitekeela oraindik ekarri dute gogora; horretarako, Duintasuna elkarteko kideengana jo behar dute interesdunek. Manifestazioa 11:00etan hasiko da eta legebiltzarreraino eramango dute eskaera.
