"Epaiketa bukatu bada ere, gure jardunak bide luzea du oraindik"
Oiartzungo Feministen Asanbladak azaldu du Irungo ikastetxean egindakoengatik kondenatua izan den irakasle oiartzuarraren gaineko testigantza gehiago jaso dituztela.
“Epaiketa bukatu bada ere, gure jardunak bide luzea du oraindik”. Oiartzungo Feministen Asanbladak azaldu du Irungo ikastetxe bateko ikasleei oiartzuar irakasle batek egindako sexu jazarpenak ez direla horra mugatzen: “Epaituak egindakoa ez da ikastetxe bateko gertaera isolatu bat. Asko dira gizon honen erasoak jasan behar izan dituzten neskak* eta emakumeak*”. Asanbladakoek argitu dute azken asteetan gizon horrekin nahiz beste batzuekin lotutako testigantza gehiago jaso dituztela, “eta aurretik egin moduan, barrura begirako lanean jarraitzea dagokigu”.
Martxoan epaitu zuten Irungo ikastetxe batean hango ikasleen kontra egindakoengatik Oiartzungo irakaslea. Lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta hura beteta lau urtean zaintzapeko askatasunean egon beharko du. “Epailearen arabera, frogatuta geratu da gizona hiru ikasle adingaberekin harremanetan jarri zela sare sozialen bidez eta eduki sexualeko iruzkinak egiten zizkiela ikasleei”. Epaiketa bitartean Gipuzkoako auzitegiaren parean mobilizazioak egin zituen Oiartzungo Feministen Asanbladak, han irakasle horren ikasle ohiak nahiz herritarrak bildu zirelarik. “Kasu honek hedabideetarako jauzia eman badu ere, herriko kasu gehiagoren berri izan dugu”.
Testigantzak jasotzen ari badira ere, taldekideek argi dute askoz gehiago izan daitezkeela. Horregatik, egoera zaurgarriren bat izan duen orori haiengana jotzeko eskatu diote. “Anonimotasunez eta diskrezioz aritzen gara gugana jotzen dutenekin, eta haiek erabakitzen dute nolako erreparazioa nahi duten, horretarako zein urrats egin nahi dituzten, eta noraino iritsi nahi duten”.
Erasotzaileak ondoan direla azaldu du asanbladak, “gure artean ditugu”. Haiei mugak jartzea denen ardura dela azaldu du Oiartzungo Feministen Asanbladak, eta gizonei duten erantzukizunari muzin ez egiteko galdegin diete: “Zuen isiltasuna konplizitatea da. Apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoa deseraikitzen”
