Elkarte eta eragileei begirako formakuntza Pasaian
Aldundiak eta udalak herriko elkarte eta eragileei zuzendutako lau orduko bi ikastaro antolatu dituzte. Hilaren 11 da izena emateko azken eguna.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Oneko eta Berrikuntza Politiko-sozialeko Sailak eta Pasaiako Udalak herriko elkarte eta taldeei begirako lau orduko bi ikastaro antolatu dituzte, Antxon eta Trintxerpen. Iaz eskaini ziren lehen aldiz ikastaro horiek, eta udalak jakinarazi du “oso harrera ona” izan zutela udalerriko elkarte eta eragileen artean.
Ikastaroetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea udal webgunean dagoen galdetegiaren bidez edo posta elektronikoa baliatuz. Galdera eta zalantzetarako ere ahalbidetu dute helbide elektronikoa. Izena emateko epea hilaren 11n (astelehena) itxiko da. Ikastaroak egin ahal izateko, bakoitzean gutxienez 10 pertsonek eman beharko dute izena. Kopuru horretara iristen ez badira, tailerrak egingo ez direla baietsi du udalak. Bide horretan, udalak herriko eragile eta elkarteak animatu ditu ikastaroetan parte hartzera.
Hilaren 21ean eta ekainaren 4an Ekintza komunitarioa sustatzeko gakoak ikastaroa egingo da Trintxerpeko Ulia aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Saio horren helburua da proiektu komunitarioak garatzeko gakoak eta estrategiak lantzea eta sakontzea, eragileen gaitasunak hobetzea, eta zenbait partaidetza mota ezagutzea. Helburu horiek betetzeko, elkarteen ahulguneak identifikatu, parte hartzea zailtzen duten aldagaiak hauteman eta egun ez dauden ahotsak aintzat hartzeko eta entzuteko estrategiak pentsatuko dira, gizarte kohesioa eta parte hartzea bermatzeko.
Bestalde, hilaren 13an eta 27an Talde osasuntsuak ikastaroa egingo da Antxoko Kultur Etxean, 18:00etatik 20:00etara. Pertsonen ongizatean oinarritutako eredu osasungarriak ezagutzeko eta horietan bilakatzeko interesa duten elkarteei begirako ikastaro bat dela zehaztu du udalak. Saio horretan eraginkortasun eredutik talde kulturari eta premia erlazional zein pertsonalei erantzuteko edukiak landuko dituzte. Horretarako, taldea kohesionatzeko zenbait kasu erreal landuko dira eta gatazkei aurre egin eta horiek kudeatzeak duten garrantziari erreparatuko diote, komunikazio asertiboa eta kudeaketa emozionala oinarri hartuta.
