Portuaren erabakiengatik kezka Pasaian
Herritar talde batek batzarra antolatu du larunbaterako San Pedron, 'Pasaia Port, herriaren amesgaiztoa' lelopean.
San Pedroko lonjako plazan egingo dute batzarra. Pasaiako Portu Agintaritzaren (PPA) jarduerak eta erabakiek udalerrian duten eraginaz kezka azaldu du herritar talde batek. Kezka horiek mahaiaren gainean jartzen, konpartitzen, eta antolatzen hasi dira. Hori horrela, batzarrera deitu ditu talde horrek pasaitarrak larunbaterako (hilaren 9rako) 11:00etan San Pedroko lonjako plazan. Pasaia Port, herriaren amesgaiztoa leloa aukeratu dute bilkura hori eta haien zeregina ezaugarritzeko.
Larunbatekoa ez da herritar talde horrek deitutako lehen topagunea izango, bigarrena baizik. Kexu dira San Pedron abiapuntu duen mugimendu horretako kideak PPAren jokamoldeak egunerokoan herritarrengan kalteak sortzen dituelako. Hala, azaldu dute Pasaiako Udalaren Aparkalekuen Ordenantzaren kontrako auzibidea hasi eta horren zati bat eten delako, San Pedron zehar bertakoak ez direnen autoak “nahi bezala” dabiltzala barrutitik, edo festetarako San Pedron behar dituzten hainbat eremu erabiltzeko ordain ekonomikoa eskatu duela PPAk. Udalerrian eragina duen beste neurri baten berri eman dute: Kaiko Herreran sarbide berria jarri du portuak, bertatik ezin dira pasa azpiegiturarekin harremana ez duten ibilgailuak, “eta horrek Trintxerpetik San Pedrora joateko aukera erabat baldintzatu du”.
Larunbateko bilkurara joateko gaiari buruz zerbait esateko duten pasaitar orori egin diote gonbita.
